Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen egoera larrialdikoa dela baieztatu zuen azaroaren 9an, Bilbon ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sarearen babesarekin. Azken hamarkadetako susperraldia eten egin eta euskararen erabilera soziala ahultzen ari da: datu esanguratsuen arabera, euskaraz erdaren adina edo gehiago hitz egiten duten herritarrak %17,5 baino ez dira.
Gainera, euskararen ofizialtasuna eta normalizazioa oztopatzen duten erabaki juridiko eta politikoak azpimarratu dituzte, baita globalizazioaren eraginez hizkuntza hegemonikoen indarra areagotzen dela ere.
Hortaz gain, Adierazpenean, 2025a euskararen normalizazio prozesua norabide egokian jartzeko urtea izango dela iragarri dute. Euskalgintzaren Kontseiluak lan sozio-politiko sakona egin du azken urteotan, “Batuz Aldatu” dinamikaren bidez hizkuntza ezagutza unibertsalizatzeko eta erabilerarako eremu erosoak sortzeko akordioak eraikiz. Adierazi dutenez, 2025eko abendurako, Euskararen Egunaren testuinguruan, mobilizazio sozial handi baterako deia egingo dute, ziklo berri baten abiapuntu gisa.
Kontseiluak dei egin die herritarrei, erakundeei, eta eragile politiko eta sozialei prozesu honen parte izateko. Herritarrak egunerokoan euskaraz bizitzera animatu dituzte, euskaltegietan parte hartuz edo euskararen aldeko kultur eta dinamika sozialak indartuz, hala nola, Durangoko Azokan edo Euskaraldian.
Agerraldian kulturgintzako eragileen rola nabarmendu dute, euskarazko sorkuntzak gizarte kohesioan eta hizkuntza biziberritzean duen funtsezko zeregina azpimarratuz. “Prekarietatea gorabehera, euskaraz bizi ahal izateko unibertso bat eskaintzen dute,” aitortu dute.
Euskararen aldeko itun berriak eta mobilizazio soziala helburu, “eskuz esku eta besoz beso” egiteko prestutasuna adierazi dute. Euskaraz bizitzeko aukera zabaltzea da azken helburua, eta Kontseiluak itxaropen osoa agertu du etorkizun oparoa eraikitzeko.