2008 eta 2009 urteetan jaio den Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldun orok parte hartu dezake oraingo edizioan, eta horretarako aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidali beharko dute elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz. 2010 urtean jaiotakoek ere aukera izango dute parte hartzeko, baina soilik, Lapurdi, Baxe-Nafarroa, Zuberoa eta diasporako gazteak badira.
Hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran: Beldurrak, Zeintzuk ziren lehengo beldur ohikoenak? Zeintzuk gaur egungoak? Desberdintasunik ba al dago?; Gizartea: Indibidualista ala kolektibista?, Zuen ustetan talde zein komunitatean antolatzen gara kolektiboaren interesei, beharrei eta eskubideei erantzuteko? Ala gainerako eta taldeen gainetik norbanakoa lehenesten dugula uste duzue?; eta Klima aldaketa, zeintzuk dira klima aldaketa ahalbidetzen duten ekintzak? Uste duzue jabetzen garela egoeraren larritasunaz?
Lanak sei formatu posibletan aurkeztu ahal izango dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak. Espedizio taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira, alde batetik, egin duten proiektuaren balorazioa, baina baita gazteen jatorria, generoa eta aurkezpen bideoan adierazitako motibazioa ere.
Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntzako kideek ebaluatuko dituzte eta apirilaren 22an 127 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da.
Abentura bat baino gehiago
Euskarabentura espedizioa 2018an jaio zen eta geroztik, Jzioqui dugu! lemapean Euskal Herriko bazterrak nahasten dabil, gazteak eta hizkuntza piztu nahi baititu. Lau helburu argi ditu: Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, gazte euskaldunen artean sare berri eta sendoa sortu eta elikatzea, Euskal Herriko ondasun kultural eta naturala gazteen artean ezagutzera ematea, eta parekidetasuna, ekologismoa, autonomia eta osasuna bezalako baloreak transmititzea.
Ekimenari izena eman dion irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzalea dago proiektu honen atzean. Euskal Herriko bazter ezberdinetako hamar gaztek osatzen dute eta ia hiru urtez aritu ziren, boluntario gisa, egitasmoari forma ematen, harik eta 2018ko uztailean lehenengoz argia ikusi zuen arte.
Hain justu, kide hauetako batzuek garaian Ruta Quetzal espedizio-sorta sonatuan parte hartu zuten; eta orduko hartatik gordetako oroitzapenetatik sortu zen horren ‘euskal aldaera bat’ martxan jartzeko ideia.