Azken bi urteetan sektoreko langileekin egindako antolakuntza-prozesuaren emaitza da ekimen hori. Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak mobilizazioan salatu duenez, Enplegu Zentro Berezietako langileak sistematikoki diskriminatuak dira, eta administrazioak diru publikoz mantentzen duen sistema hau "lan esku merkean" oinarritzen dela azpimarratu du.
Aranbururen hitzetan, instituzioek eta enpresek lan baldintza prekarioak betikotzen dituzte, langileen eskubideak eta garapen pertsonala zapalduz. "Lan merkatu arrunteko baldintzak bermatu behar zaizkie aniztasun funtzionala duten langileei, eta lehen urratsa lan hitzarmen propio bat lortzea da", azaldu du.
Sektoreko soldatak lanbide arteko gutxieneko soldatara lotuta daudenez, langileen bizi baldintzak guztiz mugatuta daude. Egoera hori iraultzeko, LABek ELHABE patronala eta sektorean ordezkaritza duten beste sindikatuak mahaian parte hartzera deitu ditu. Aldi berean, gainontzeko sindikatuei elkarlanean aritzeko eskaria egin die, eta ELHABEri ardura eta jarrera eraikitzailea eskatu dio.
Hego Euskal Herrian Enplegu Zentro Berezietan 10.000 langile inguruk egiten dute lan, eta LABek Nafarroan ere sektorea arautzeko urratsak egiten ari dela jakinarazi du. Sindikatuak estatalizazioaren kontra borrokatzen jarraituko du, lan hitzarmen propio baten bidez langileen duintasuna eta eskubideak bermatzeko helburuarekin.