AZOKA USAINA

Antxon Agirre 2024ko abe. 5a, 10:17

Azaroan zehar, udazken kolore artean gaudela, zerbait berezia somatzen hasten da Euskal Herrian. Usain berezi bat. Labea bero-bero eta lapikoa borborka dagoela nabari da. Durangoko Azoka parez pare dagoen sentsazioaz ari naiz. Abendu hasieran irekiko ditu ateak euskal kulturaren bihotz taupada erraldoiak. Baina, azaroan arteriak odoltzen hasten direla bihotzerantz ohartzen gara, euskal sortzaileak beraien proposamen artistikoen berri eta lehen aurrerapenak publiko egiten hasiak direlako. Eta kulturzaleok, hitzordu horretarako ilusio handiz lan horien zerrenda luze bat osatzen ibiltzen gara.

“Hartu eta eman” dio Nakar taldearen abesti ezagunak eta bide beretik izendatu dutela aurtengo Azokaren leloa agerikoa da: “Hartzea ematea da”. Eta Durango aste horretan zerbait bada, bi aditz horiek dira bete-betean. Sortzaileek asko ematen digute, urte guztirako uzta ederra, sormenez beteriko otzara magiko batekin itzultzen gara etxera. Eta guk, ordea, esker-ona, maitasuna, egindakoari balioa eta sorkuntza lanbide horri duintasuna emanez itzultzen dugu. Hau da, bi aldeok hartzen dugu zerbait ematearekin batera. Truke ariketa da hau.

Azaroan zehar, instagramen zaudela ohikoa da musika taldeen perfilek single abestia edo disko osoa publiko egiteko horrelakoak igotzea: “Adi! 20:00etan YouTuben eta 00:00etan Spotify plataforman!” eta seguraski aurreko egunetan kanpaina komunikatibo batekin berotu izana giroa. Olatz Salvador, Sune, Bengo, Merina Gris, Olaia Intziarte, La Txama, Toc, Janus Lester eta zerrenda luze batez ari naiz. Nik zinez jakin nahiko nuke ea ados ipintzen diren nork aterako duen singlea asteazkenean, zein beste musikarik ostegunean eta zein taldek ostiralean. Honek antolaketa bat du atzean seguru.

Onartu beharra daukat azoka garaiak hunkitu egiten nauela, entzundako abesti berriak ezagutu eta horiekin konektatzea prozesu berezitzat daukat. Euskal kulturaren arnasgune ikaragarria da azoka, sortzen den laba guztiaren epizentroa. Horretaz gain, egungo hipermodernitate garaian kultura nola kontsumitzen dugun hausnartzeko adibide ere izan daiteke.

Euskal komunitate gutxietsi eta zapaldu honek behar duen plaza da Durangoko Azoka. Euskara ardatz, gozamenean oinarritu eta herri gogo baten bulkada ezinbestekoa.

 

Antxon Agirre