Abenduaren 12an berriro mobilizatuko dira Osasun Itunaren Mahaia akordiorik gabe amaitu delako

uriola.eus 2024ko abe. 9a, 10:18

FAVBek deitoratu egin du Osasun Itunaren Mahaian akordiorik lortu ez izana, non Eusko Jaurlaritzak eta EAEko osasun, politika eta gizarte eragileek parte hartu duten. Horregatik, osasun publikoaren aldeko aldarria indartzeko, FAVBk dei egin du herritar guztiei parte har dezaten abenduaren 12an, arratsaldeko 19.00etan, anbulatorioen aurrean egingo diren kontzentrazioetan.

Helburua Eusko Jaurlaritzari presio egitea da, kalitatezko eta hurbileko osasun zerbitzua bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan. Osasun Itunaren Mahai horren helburua datozen 20 urteetarako Osakidetzaren hobekuntza neurriak adostea zen, baina eztabaidak emaitza positiborik gabe amaitu dira.

Hitzarmen falta honen oinarria osasun sistemaren erreformarako “printzipio gidarien” inguruko desadostasunetan dago. Dokumentuan erabili diren "iraunkortasuna" eta "produktibitatea" bezalako terminoek kritika ugari jaso dituzte, izan ere, hauek osasun publikoaren ikuspegi merkantilistago bat islatzen dutela iradoki dute zenbait eragilek. Halaber, falta izan dira sistema publikoaren doakotasunaren eta Osakidetzaren autosufizientziaren aldeko erreferentzia argiak.

Mahaiaren eztabaidan nabarmendu da langileen rolen eta funtzioen optimizazioaren garrantzia, helburu nagusia sistemaren eraginkortasuna maximizatzea dela esanez. Hala ere, proposamen horrek kontrako iritziak piztu ditu, langileen eskubideak eta baliabide publikoen erabilera defendatzen dituztenen artean.

Hurrengo bilera urtarrilaren 29an egingo dela iragarri da, baina FAVBk ohartarazi du herritarrek ordura arte itxaron behar izateak osasun sistema publikoa eta erabiltzaileen osasuna ahultzen jarraituko duela.