Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijo eta BULEGO taldeko Tomas Lizarazu, Xabi Arrieta eta Ruben Lizarralde ekitaldian izan ziren, eta bertan kantaren lehen entzuketa eta bideokliparen estreinaldia egin ziren.
Tomas Lizarazuk azaldu duenez, euskararekiko harreman estuak taldearen izaeraren parte direla hasieratik: “Euskara hutsean sortzen eta abesten duen proiektua gara, eta hizkuntzak gure nortasunean duen leku berezia argi dugu”.
Lizarazuren hitzetan, nazioartean euskara abestuz aritzeak taldeari identitate propioa ematen dio, besteekin alderatuta bereizten dituena: “Uste guztien kontra, euskarak ateak ireki dizkigu atzerrian”. Horregatik, Euskaraldiko proposamena jasotzean ez zuten zalantzarik izan. “Hizkuntza honek eman diguna itzultzeko aukera gisa bizi dugu”, gehitu du.
Abestiaren sorkuntza-prozesuan Euskaraldiaren helburu eta mezuak aztertzeko elkarrizketa eta lanketa sakonak egin dituzte. Helburua “edonork entzuteko moduko abesti herrikoia sortzea” izan da, eta hitzek ekintzarako deia egitea, euskararen erabilera indartzeko.
Kanta Zestoako Gaztain estudiotan grabatu dute, eta bideoklipa COSMICTREE ekoiztetxeak, Mey Monteroren zuzendaritzapean, ekoitzi du. Gainera, abestiaren erdialdetik aurrera, Euskaraldiko batzordeetako kideek ere parte hartu dute, koruak eginez.
Goiatz Urkijok adierazi du kanta herri-mugimendua indartzeko tresna izango dela: “Udaberriko pozaren bidelagun izango dugu kanta hau. Ikastetxeetan, jaietan eta aurkezpenetan entzungo da”. Halaber, BULEGO taldearen prestutasuna eta ekimenarekiko konpromisoa goraipatu ditu.
Gure Bihotzaren Taupadak kantak Euskaraldiaren esentzia eta helburuak musikan bihurtu ditu, eta oraingoan ere, euskararen aldeko mugimendua indartzeko pieza garrantzitsu bihurtuko da.
Euskaraldiaren koordinaziotik gogorarazi dute herrietan izen-emate epea irekita dagoela. Belarriprest eta Ahobizien txanda martxoan hasiko da, eta parte hartu nahi duten entitateek ere izena eman dezakete Euskaraldiaren webgunean.