Zaintza lanetan aritzen diren milaka langile prekarizaziora eta esplotazio egoeran lan egitera kondenatuak daude Euskal Herri osoan. Horren aurrean, zaintza sistema esku pribatuetan dagoen honetan, zaintzako langileen aitortza publikoa eta horiek borroka sindikalaren lehen lerroan kokatzea lehentasuna duela aldarrikatzen du LAB sindikatuak
Horregatik, administrazio publikoari nahiz agintean diren alderdi politikoei interpelazio zuzena egiten die LABek: zaintza langileek zerbitzu publiko bat eskaintzen dute, eta, beraz, langile publikoak izan behar dute. LABentzat pribatizazioa bultzatzen eta egonkortzen duen edozein lizitazio edo kontratu langileen lan eta bizi baldintzen kontrako erasoa da, eta, hain justu, egungo administrazioek bultzatutako eta sustatutako politikek ekarri dute langileen eta zerbitzuen pribatizazioa.
Politika ausartak egiteko exijitzen diegu alderdi politikoei: “administrazio publikoa da, enpresa pribatu bati zaintza zerbitzu bat esleitzerakoan, pribatizazioak iraun dezan bermatzen duena”.
Konpromiso batzuk oso premiazkoak direla nabarmendu dute: Alde batetik, Etxeko Laguntza Zerbitzua berehala publifikatzea, bestetik, ratioei buruzko dekretu berri bat, batez ere zaharren egoitzentzat, egungo ratioek dakartzaten baldintza kaskarrekin amaitzeko, bai erabiltzaileentzat, bai langileentzat. Azkenik, zahar egoitzetako, aniztasun funtzionaleko eta esku-hartze sozialeko langileen lan baldintzak langile publikoenekin parekatzea.
Zerbitzu publiko indartsuak eta duinak ere aldarrikatzen ditu LABek, Euskal Herrian zerbitzu publikoen sare sendo bat nahi eta behar dutelako. “Pribatizatuak dauden zaintzako langileak ere zerbitzu publiko horietan langile dira, eta zerbitzu horien publifikazioa da gure helburua”, adierazi du sindikatuak. Euskal Herriko zaintza sistema publikoa pribatizatutako langile guzti hauekin eraiki behar da, eta horren alde borrokatuko du LABek.
LABek enpresetan zein kalean “inurri lana” egingo duela azpimarratu du, langileak pribatizazioaren kontra lerratzeko eta merezi duten aitortza publikoa defendatzeko. Ildo horretan, ofentsibarako dinamika bat hauspotuko du, eta 2025eko udaberrian Euskal Herri mailako mobilizaziora deituko du, Hego zein Ipar Euskal Herriko langileak mobilizatuz, zaintzen negozioarekin bukatu behar dela aldarrikatzeko eta langile pribatizatu horiek egiten duten lan publikoa aldarrikatzeko.