Ekimenari hasiera emango dio Garazi Albizuak Bilbon, Deustuko liburudendan. Gaur, hilak 9, egongo da arratsaldeko 19:00etan. Egunen akabera izeneko liburuaren berri emango du. Ane Lekandaren EKUA proiektua ere aurkeztuko dute bertan. Sortzaile bien asmoa, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko errealitatea eta fikzioa aztertzea da.
Bilboko beste bi aurkezpenak abenduaren 10ean izango dira. Goio Ramos London Calling liburuaz berba egingo du, 18:30ean Poza kaleko Elkar saltokian, eta Kepa Criadok egingo dizkio galderak. Gainera, liburuan ageri diren abesti pieza batzuk ere ipiniko dituzte.
Amantegiren kasuan, H.P. Lovecraft. Ahaztutako ametsa lanaren aurkezpen interaktiboa egingo du 18:30ean Zirika! Herri Gunean. Euskal mitologia, erromatar historia eta enigmak izango ditu ardatz.
Kultur sorkuntza hauspotzen
ZuNonHanDA! ekimena 2020an abiatu zen sortzaile, bitartekari eta herritarren arteko zubi lanak eraikitzeko nahiarekin. Durangoko Azoka euskal kulturaren erakusleiho erraldoia da, bokazio nagusienetako bat kultur sorkuntza zein zaletasuna hauspotzea izanik.
Egitasmoari esker, 59. Durangoko Azokan plazaratutako nobedadeen sortak Euskal Herri osoko 66 liburu saltokitan izango dira urtarrilaren 19ra arte, eta gaur hasita, horietako 23 dendatan liburu bat aurkeztuko da, idazlea bertan dela. Beraz, abenduko egunetan zehar, Durangoko Azoka ibiltaria izango da, eta hartzaileen herrietara zuzenean helduko da. Hain zuzen, kulturazaleengan jarri du arreta aurtengo azokak, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbesteko direlako.
Ekimen honen asmoa ez da soilik Durangoko Azokaren oihartzuna Euskal Herri osora zabaltzea; liburu saltokiek urte osoan zehar egiten duten lana aitortzea ere bada xedea. Hartzea ematea da, eta aurtengo lelo horri jarraituz, Durangoko Azokan hartuko den indarra Euskal Herriko dendatan emango da.