Osasuneko Sailburuak honela definitu zuen: "diagnostiko kritiko eta zorrotza, etorkizunari eraldaketa-ikuspegiarekin begiratzen diona". Hala ere, osasun publikora bideratutako aurrekontua nabarmen handitzea eskatuko luke eraldaketa sakon batek, Osakidetzaren etengabeko finantzazio ziztrin jarraitua izan baita haren narriaduraren arrazoi nagusietako bat.
Datorren 2025ko aurrekontuan ere ez da igoera hori aurreikusten. Kontinuista izateaz gain, aurreko urteetakoa bezala, ez da nahikoa eta are txikiagoa 2024aren itxieran eguneratutako aurrekontua baino. Lehendakariak 5.000 milioi eurotik gorako igoera dagoela, behin eta berriro errepikatzen badigu ere, egia esan, aurrekontu orokorraren barnean, Osakidetzarenak pisua galtzen du. Bestalde, BPGari dagokionez, oso urrun dago gurearen antzeko ahalmen ekonomikoa duten herrialdeetatik. Horretarako, beste 2.000 milioi euro gehiago beharko lirateke. Gainera, kliniketarako eta enpresa pribatuetarako partidak handitu egin dira, eta, berriz ere, diru publiko ugari eskuratuko dute.
Diagnostikoak gabezia asko eta garrantzitsuak ditu. Ez die heltzen osasun publikoaren krisi larria eragin duten arrazoiei, eta ez ditu egungo arazoak identifikatzen. Eta diagnostiko on batetik abiatzen ez bagara, ezinezkoa da egiturazko arazoei irtenbideak aurkitzea: Ez du jasotzen ikuspegi integral bat; osasuna definitzen duten gako nagusiak alde batera uzten ditu: ekonomikoak, sozialak, ingurumenekoak, etab. Batzuk aipatzen dituen arren, aztertu gabe geratzen dira, eta horrek eragozten du horiek konpontzeko politika eraginkorrak definitzea.
Pribatizazioari dagokionez, daturen bat ematen du osasun pribatuarekiko itunen gorakadari buruz, baina garrantzitsuena da kalitate-galeran eta Osakidetzaren gainbeheran, pribatizazioek duten eraginaren aurrean entzungor egiten duela. Adierazkorra da ez aipatzea ere lankidetza publiko-pribatua, eta autokontzertazioaren igoera (aparteko orduak) zalantzan ez jartzea.
Pribatizatzearen aldeko bultzadari eusten zaio. Diagnostikoan aipatzen denez, "beharrezkoa da osasun-garraioaren arloan baliabideei, antolaketari eta kudeaketa-ereduei buruzko azterketa bat egitea". Baina, hurrengo egunean, Eusko Legebiltzarrean, EAJ-PSEren gobernuak, PPren eta VOXen babesarekin, atzera bota zuen Bizkaiko eta Arabako garraio sanitario programatu eta urgentearen publifikazioa eskatzen zuen proposamen bat. Era berean, ez gatoz bat diagnostiko horrekin, OSI eredua Lehen Mailako Arreta desegitearen eragileetako bat dela onartzen ez duelako.
Langileei eta kontratazioari dagokienez, ez du Osakidetzako plantillaren datu fidagarririk ematen, eta ez ditu haren lan-baldintzak aztertzen, ez eta behin-behinekotasun handia ere (% 50etik gorakoa); era berean, ez du aztertzen kalitate txikiko kontratazioa ere. Azken hau funtsezko arazoa da, eta profesional faltaren arrazoi nagusietako bat; gainera, asistentziaren kalitate-gutxipena eragiten du.
Pribatizaziorako prozesu honetan mutualitateek duten zeregina ere ez du jorratzen diagnostiko horrek. "Gaur egun lan-mutualitateei rol berriak esleitzea eztabaidatzen ari gara" esanez, Mutualitateen bidez langileen arreta are gehiago pribatizatzeari ireki dio atea Osasuneko Sailburuak; Izan ere, traumatologia-jatorriko kontingentziez gain, badirudi Sailburuak mutualitate pribatu horiei ere ireki nahi diela atea, kontingentzia arruntei ere erantzun diezaieten. Neurri oso negatiboa bi osasun-sistema sortuko lituzkelako: bata, langileen alta medikoak bizkortzeko beharrezko baliabide guztiekin; eta, bestea, deskapitalizatuta eta baliabiderik gabe, gainerako biztanleentzat; haurrak, adinekoak, langabeak, pentsiodunak...
Lehen Mailako Arreta indartu behar dugu, eta osasun-sistemaren erdigunean jarri. Horixe da aukerarik onena herritarren osasun-beharrei heltzeko eta sistemaren ekitatea eta iraunkortasuna bermatzeko. Baliabide ekonomiko handiagoak eman behar zaizkio, (egungo aurrekontuaren % 14tik osasun-aurrekontuaren % 25era igoz) OMEk eta onetsiriko erakunde profesional ugarik gomendatzen duten bezalaxe.
Langile- eta kontratazio-politika berri bat ere behar da, langile nahiko eta egonkorrak egoteko; eta egoera ez prekarioko profesionalek osasun publikoarekiko konpromisoa bete ahal izan dezaten. Hala ere, Osakidetzak duela 14 urtetik dauka blokeatuta mahai sektoriala.
Bestalde, Osasuneko sailburuak iragarri du medikuen eskasia hazi egingo dela 2028ra arte, eta 2035 urtera arte ez da hobekuntzarik nabarituko. Horren ondorioz, arreta-ordutegietan murrizketak egiteaz gain, , ia arreta mediko egokirik gabe egongo dira Osasun Zentroak eta EAGak; erizainek bakarrik artaturik, edo herritarrak aldameneko herrietara joatera beharturik, hainbat udalerritan gertatzen den bezala.
Osasun Sailburuak, etengabeko adierazpenekin, promesekin eta makillaje-neurri txikien iragarkiekin, kanpaina mediatiko potente bat martxan dute, baina, diskurtsoaz harago, ez dugu eginik ikusten. Denbora irabazteko eta osasun publikoaren defentsan gizartearen nahigabea eta mobilizazioa geldiarazteko asmo argia baino ez dugu ikusten, baina pribatizaziorako joera zalantzan jarri gabe.
Kontxi Rebollo Ortega , José Martínez Ortega eta Amaia Etxebarria Burgos
OPA Herri Plaraformak taldeko kideak