Ekitaldiaren une gogoangarrien artean, WOP Mendi Film Saria Euskal eta Nafarroako mendi federazioetako kideek jaso zuten. Miren Eizmendi, Euskal Mendizale Federazioaren presidente berriak, eta Martin Montañes, Nafarroako Mendizale Federazioaren ordezkariak, 100 urte bete dituen Federación Vasco-Navarra de Montañismo-ren izenean eskertu dute sari hori.
Halaber, Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima japoniar alpinisten oroimenezko keinu berezia egin da. Sokoh Etoh, Hiraideren alargunak, seme-alabekin batera bertaratu ziren eta Euskalduna Jauregian bildutakoei eskerrak eman zizkieten.
Euskalduna Jauregiko Auditorioa lepo bete zen, milatik gora ikusle bertaratu ziren lehen saio bereziaz gozatzeko. Asteburuan zehar, giro bikaina bizi izan da areto guztietan, zine-saio, erakusketa eta hitzaldi ugariz osatutako programazioarekin.
Bertako protagonisten artean, Marta Gómez eta Paula Iglesias izan ziren ‘Flying Hands’ aurkezten, Aniqa Bano protagonista pakistandarra bertan zela. Halaber, Janire Etxabe eta Hodei Zambranok ‘Haize Lerroak’ aurkeztu zuten, eta Mikel Lizarraldek eta Maite Arroitajauregik ‘Zazpi’ filma.
Nazioarteko alorrean, Eliza Kubarskaren ‘The Last Expedition’ aurkezpena eta Erri de Luca idazle eta eskalatzailearen ‘L’etá sperimentale’-k ikusleak txunditu zituzten. Hélias Milleriux-ek ‘Nuptse, l’inaccessible absolu’ aurkeztu zuen, eta Matteo Maggik eta Cristiana Peccik ‘Marmolada, Madre Roccia’ filmaren berri eman zuten.
Silvo Karo alpinistaren ‘Fast & Light’ liburuaren aurkezpena eta Sebastián Álvaroren ‘Mis Montañas’ dibulgazio lana ere nabarmentzekoak izan dira. Erakusketa arrakastatsuen artean, ‘Tximist Everest 1974’ eta emakumeek euskal mendizaletasunean egindako ekarpena goratzen duen ‘Gailurretan izan gaitun’ izan dira ikusgai.
Hurrengo egunetan, BBK Aretora aldatuko da Kanpaleku Nagusia, eta arratsaldeko bi saio eskainiko dira egunero, 17:30ean eta 19:30ean. Programazioan, film eta gonbidatu berezi gehiago izango dira, besteak beste, Natxo Gonzalez eta Garazi Sanchez surflariak, Janire Etxabe dantzaria, eta beste hainbat protagonista.
Sarrerak agortzear daude, baina BBK Aretoan oraindik leku batzuk eskuragarri daude. Informazio gehiagorako eta sarrerak erosteko: mendifilmfestival.com.