Taupa mugimendu berriak antolakuntza eta aktibismo molde berriak bultzatzeko konpromisoa hartu du, komunitategintzan sakonduz eta euskararen aldeko konplizitateak zabalduta. Jasone Mendizabal Mugimenduaren koordinatzaile nagusiak erronka handia dutela aurretik adierazi zuen Antzokian egindako agerraldian: “Euskararen erabilera biderkatzeko baldintzak sortu nahi ditugu, datorrena erabileraren aroa izan dadin”.
Tauparen arduradunek azaldu dute mugimendu berriak orain arte euskara elkarteetan oinarritu den egitura gaindituko duela. Jon Zapata aktibazio arduradunak honela laburbildu du aldaketa: “Topagunea ginen, mugimendua gara”. Helburua da elkarteetan antolatuta egon gabe ere euskararen alde egin nahi duten herritarrak saretu eta aktibatzea. Taupamugimendua.eus webgunearen bitartez, euskaltzaleek hainbat modutan parte hartzeko aukera izango dute, aktibismo digitaletik hasita kaleko ekintzetaraino.
Irati Iciar, Taupako lehendakariaren arabera, “milaka euskaltzale saretzea eta aktibatzea” erronka garrantzitsua da. Mugimenduan bakoitzak bere neurrira parte hartu ahal izango du, eta horrek aukera gehiago emango du aktibismoa bizitza pertsonalarekin uztartzeko.
Tauparen beste zutabe nagusi bat euskararen eta herrigintzaren arteko lotura sendotzea izango da. Iciarrek azpimarratu du komunitate zabal eta anitza eraikitzeko beharra, euskararen erabilera eremu gehiagotara hedatuz eta epel edo hotz diren sektoreak ere inplikatuz. “Euskararen aldeko proiektu eraldatzaile bat gara, eta gure imajinario eta egiteko moduak berrikustea ere badagokigu”, gehitu du.
Horrekin batera, hizkuntza, kultur eta jatorri aniztasunaren kudeaketa estrategikoa izango da. Jon Zapatak nabarmendu du harrera sare integral bat antolatzearen garrantzia, aniztasuna eta kohesioa bultzatuz, eta horretarako gizarte zibilaren ekarpena funtsezkoa dela.
Euskaltzaleen mugimendu berrituaren erronka nagusietako bat euskararen erabilera biderkatzea izango da. Mendizabalek azaldu duenez, “Ezerosotasunean aritzea beharko dugu, Euskal Herrian euskaraz bizitzea erosoa eta ohikoa bilakatu arte”. Horretarako, egiturazko aldaketa ausartak eta agenda politikoan lehentasunak jartzea ezinbestekotzat jo ditu.
Taupak Euskaraldian jarriko du arreta datozen hilabeteetan, mugimendua indartzeko eta euskaltzale gehiago aktibatzeko aukera paregabea baita. “320.000 ahobizi eta belarriprest dira Euskaraldiaren parte. Horietatik 10etik 1 gure mugimendura batzea lortuko bagenu, sekulako jauzia egingo genuke”, esan du Zapatak.
Euskaltzaleen Topaguneak, orain Taupa denak, euskararen eta eraldaketa sozialaren arteko elkarketa ezinbestekoa dela nabarmendu du. “Euskara gabe ez da eraldaketarik izango, eta eraldaketa sozialik gabe ez dago euskararen etorkizunik”, baieztatu du Iciarrek. Horretarako, komunitate anitz eta berdinzale baten alde lanean jarraituko dute, herri prozesu eraldatzaileak bultzatuz eta Euskal Herri osoan ilusioa piztuz.
Taupa mugimendua dagoeneko martxan da, eta euskaltzale guztiak gonbidatuta daude erronka kolektibo honen parte izatera. “Denok batera jauzi historiko bat egiteko garaia da”, azpimarratu dute.