Etxebizitzaren arazoa okerrera egiten ari delako irten ziren milaka pertsona Bilboko kaleak betetzera, izan ere, langile klasea kanporatzen ari direla adierazi dute etxebizitza eskuratzeko aukeratik: alokairuak soldatak baino lau aldiz gehiago igo dira. Haien arabera, “emaitza agerikoa” da: “langile klasea etxebizitzarako sarbidetik kanporatua izaten ari da”. Gainera, problematika horrek eragin handiagoa du migratzaileengan eta ijitoengan, emakume langileengan, pertsona arrazializatuengan eta pertsona zaurgarrienengan.
Adierazi dute etxebizitzaren arazoaren arrazoia ez dela eskaintza falta, etxebizitzaren negozioa baizik, eta ohartarazi dute espektro parlamentarioko alderdi guztiek proposatutako neurriek ez dutela arazoa konpontzen edo arintzen, etxebizitzaren negozioa indartzen baizik.
Langileria pobretzen duen etxebizitzaren negozioaren aurrean, irabaziaren kontura urgentziazko neurriak aldarrikatzen dituzte: “arazoaren erantzule diren espekulatzaileen poltsikotik atera daitezela aldarrikatzen dugu. Zergatik finantzatu diru publikoz etxebizitza gehiagoren eraikuntza milaka etxe huts dauden bitartean? Zergatik finantzatu diru publikoz gazteen alokairuak edota etxe baten erosketarako hipotekak prezio guztiek gora egiten duten bitartean?”.
Horretarako, “etxebizitza eskubide unibertsal gisa defenditzen duen mugimendu zabal bat gorpuztu” behar da, etxebizitza arloko politika bakarra merkatu politika dela diotenen diskurtsoa erosiko ez duen mugimendua. Zentzu honetan, diote, “beharrezkoa da epe motzeko eztabaidetatik burua altxatu eta etxebizitzaren arazoarekin betiko bukatuko duen ortzimuga bat marrazten hastea”.