Egunean Behin jokoak bere 5. urteurrena ospatu du 2024ko martxoan, eta jarraitzeko prest dago datorren 2025ean. Bost urte hauetan zehar 50 milioi partida baino gehiago jokatu izan dira, hau da, 500 galdera ezberdin erantzun izan dira, eta aurten gainera sorta berriekin. 16. denboraldi honetan, milaka lagun egunero elkarrekin jokoan aritu dira.
Azkenengo denboraldiko babesleen artean Euskaber baserriko arrautzak, Badihardugu Elkartea, Gurot jokoa, Gure Esku, Elhuyar Fundazioa, Bodegas Ribeirao, Langune eta FUEN Erakundea, Durangoko Azoka, Izaskun Arrue Kulturgunea eta Primeran plataforma daude, besteak beste.
Egunean Behinek euskararen sustapenean eta komunitateen arteko lotura sortzen jarraitzen du, eta erabiltzaileek denboraldi bakoitzean erronka berriak eta emoziozko uneak bizitzeko aukera dute. Euskal Herrian zale ugari batzen ditu deboraldiz denboraldi.
Izenari men
Egunean Behin tribial estiloko euskarazko galdera-erantzunen jokoa da, CodeSyntax enpresak garatua. Izenak dioen moduan, egunero partida bakarra jokatzeko aukera dago, eta jokalariak galdera-sorta txiki bati eman beharko dio erantzuna. Egunean hamar galdera erantzun behar dira, eta denetariko gaiak ager daitezke: matematika, geografia, puzzleak, kirolak... betiere euskal kultura oinarri izanik.
Denbora mugarik ez badago ere, ahalik eta azkarren erantzuten saiatu behar da jokalaria, izan ere, zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago, orduan eta emaitza hobea lortuko da. Beraz, helburua garbia da: erantzun zuzen gehien denbora laburrenean lortzea.
Astearen lehenengo egunean, astelehenean markagailuak 0tik hasten dira eta igandera arte puntuak gehitzen joango da jokalaria. Astearen bukaeran puntu gehien dituen erabiltzailea izango da aste horretako irabazlea eta sariduna. Babesleek eskainitako sariak izaten dira, eta zozketaz ere egoten da saridun bat astero. Aurten, gainera, sarietan arau aldaketa egon da, izan ere, aukerak zabaltzeko, asteko eta denboraldiko sarietan ez dira sarituak errepikatu.
Kuadrillarekin, lankideekin, zure kirol-taldearekin, familiarekin... talde bat sortzeko aukera ere ematen du Egunean Behin jokoak, sailkapen orokorraz gain propioa ere edukiz, lagunartean lehiatzeko. Baina ez dago zertan talderik sortu: Egunean Behinen 60.000 lagun daude zain egunero-egunero lehiatzen!