BilbaoBizi mailegu zerbitzua berrituko da 2025eko apirilean

uriola.eus 2024ko abe. 19a, 08:54

Zerbitzu berria egungo eredua baino eraginkorragoa eta iraunkorragoa izango dela iragarri du Bilboko Udalak, bizikleten kopurua bikoiztu eta geltoki gehiago gehituko baitira. Eredu berrirako trantsizioa errazteko, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera ez da alta berririk onartuko egungo BilbaoBizi zerbitzuan.

Oraingo zerbitzua erabiltzen jarraitu nahi dutenek urteko abonuak berritzeko aukera izango dute. Zerbitzua behin amaituta, erabiltzaileek erabili ez duten abonu-aldiari dagokion dirua itzuliko zaie. Halaber, martxotik aurrera, informazio eta arretarako bulego bat jarriko da erabilgarri, baita abonuak kontratatzeko aplikazio berri bat ere.

Zerbitzu berriak bizikleta elektriko berriak eskainiko ditu, eta guztira, gaur egungo kopurua bikoiztuko da. Gainera, geltoki gehiago jarriko dira, eta bandalismoaren aurkako ainguraketa-sistema espezifiko batekin babestuko dira. Horrez gain, geltoki birtualak instalatuko dira, ekitaldi edo obrek eragindako beharrak asetzeko.

Beste berritasun bat, tarifen aldaketa izango da. Bi tarifa nagusi egongo dira: ohiko abonua, urteko 25 euroko kuota eta erabilera bakoitzeko gehigarririk merkeena, eta noizbehinkako abonua, urteko 10 euroko kuota eta erabilera bakoitzeko kuota ordaindu beharrekoa. Ordainketak soilik aurreordainketako, kreditu edo zordunketa txartelen bidez egingo dira, transakzioen segurtasuna bermatzeko.

Zerbitzuaren aldaketek bizikletaren erabilera maiztasuna handitu eta sistema jasangarriagoa egitea dute helburu. Egungo zerbitzua hain erabilia denez, erabiltzaileek batzuetan bizikletak eskura izateko zailtasunak izaten dituzte; egoera hori hobetzea espero du Bilboko Udalak.