Eskerrik asko eta ongietorri TTAPera, Ana Urkiza. Donostian gaude, kaletik oso gertu, zuen egoitza berrian. Asmoa hori zen, ezta? Herritarrengandik gertu egotea.
Bai. Egia esan, XIX. mendeko leku ponpoxo eta erreferentzial batean geunden, baina urruti gelditzen zen bai herritarrengandik baina baita bazkideengandik ere. Eta nahi genuena zen herrian egon, herri barruan, kanpotik ere ikus dezaten zer egiten ari garen. Baina xedea, batez ere, bazkideek etortzeko aukera askoz hobea izatea da. Tren geltokitik eta autobus geltokitik bost minutura gaude, eta hemen, gainera, bazkideekin egoteko tokia badugu. Bai bileretara etortzeko, bai kafe bat hartzeko, bai agurtzeko, bai ideia berriekin etortzeko. Horrez gain, Eusko Ikaskuntzaren proiektuak diziplina askotakoak direnez, proiektu desberdinak daramatzaten arduradunek elkarrekin irekian lan egiteko aukera izatea eskaini nahi diegu. Lehen geunden lekuan, bakoitzak bere espaziotik lan egiten zuen eta horrek mugatu egiten zuen elkarrekiko harreman hori. Beraz, egoitza berrian, dena onuragarri.
Berria berri, beraz. Zure biografiari erreparatuta, zure gurasoengandik jaso zenituen balioen artean dago euskararekiko konpromisoa. Pertsona konprometituak ziren, bai euskararen defentsan, bai auzolanean. Bistakoa da balio horiek zugan izan duten eragina. Zure bizitza erritmo oso handikoa baita.
Txikitatik ikusi ditut lanean, ikastolen alde, elkarteetan diruzaintza-lanak egiten eta, adibidez, dantzariak leku batetik bestera eramaten. Izan ditugu dantzariak eta kanpoko jendea etxean. Mugimendu handia zegoen etxean, eta niri beti azaldu zidaten zergatia: “Hau horregatik egiten dugu, honi esker hau lortzen da…”.
Bistakoa da ekimen handiko emakumea zaitugula.
Nire gurasoek hiru gauza adierazi zizkidatela esango nuke: alde batetik, maitatu ezazu zure herria, emaiozu zure herriari, zure esku dagoen hori. Eta hor badago jarrera bat. Aipatu zidaten hirugarrena zen emandako hitza betetzea. Alegia, konpromiso bat hartu baldin baduzu, eraman ezazu bururaino. Hori egiten saiatzen naiz; herria maite dut, nire esku dagoena emateko, behintzat. Eta emandako hitzari hutsik ez egiten saiatzen naiz. Ez proiektuetan, ez helburuetan eta, are gutxiago, pertsonetan. Saiatzen naiz.
Aipatutakoez gain, ardura erantsiko nuke; ardura handiko postua baita Eusko Ikaskuntzako lehendakaria izatea.
Bai; ardura bat dela esango nuke, eta erantzukizuna ere bai. Ardura handia bestelako erakunde askorekin, erakunde publikoekin, pribatuekin, bestelako euskalgintzako erakundeekin… guztiekin harremanetan ari garelako. Guztiekin sare bat sortzen dugula sinesten dugulako, eta horretan katebegi bat izatea garrantzitsua dela ulertzen dugulako.
Irudipena daukat tarteka ez dela oso erraza izango lehendakari izatea; batez ere, udazken honetan. Udazkenean hasita, kongresua izan duzue eta elkarrizketa egiten ari garen egunotan hauteskunde prozesuan murgilduta zaudete buru-belarri. Horrelakoetan erraza da etxera joan eta Eusko Ikaskuntza burutik kentzea?
Ez, ez da erraza burutik kentzea. Baina, 2024an murgildu ginenean, zer egin nahi genuen argi genuen. Urte lodia izango zela bagenekien. Gogorra ez dut esan nahi, baina bai lodia. Gakoa da planifikazioa, eta gaitasuna daukagu egun horietan planifikatutako hori egiteko. Ekitaldi bakoitza etortzen denean burua hotz edukitzea komeni da. Gero, balorazioak egiteko egunak etorriko dira, eta orduan gauza bakoitzari bere tartea eskaintzea premiazkoa da.
Eusko Ikaskuntzak etorkizunera begirako bisioa irudikatzeko ahalegina egiten du. Azkeneko 40 urteetako garapena aztertzen jarrita, aro analogikotik digitalera pasa gara eta sentsazio orokorra da gizartea geroz eta azkarrago eta abiadura handiagoan doala. Garapen hori nola analizatzen duzu?
Guk ezagutu dugu Eusko Ikaskuntzan telefonoa erabiltzea jendearekin harremanetan jartzeko, eta bilerak aurrez aurrekoak egin izan ditugu. Hortik pasa gara posta elektronikoak bidaltzera. Eta argitalpenei dagokienez, ohitu gara paperean egindako argitalpenak egitera, eta, egun, ekoizpen digitalak eskegitzen ditugu. Hori egiteko gaitasuna izan baldin badugu, aurrerantzean ere izango dugu gaitasuna gaurko mundu globalizatu eta bizkor honek eskatzen digun horri erantzuteko. Galderari buelta emango nioke esanez momentu honetan Eusko Ikaskuntzak badaukala proiektu bat. Orain arte ez dugu izan inor trantsizioak nola eraman behar genituen azaltzen zigunik, eta orain, justu, badaukagu gurea, behintzat. Programa bat da, trantsizio horiek nola garatu, nola eraman beharko genituzkeen laguntzen diguna. Uler dezagun, gainera, aldaketa momentu bat nozitzen ari garela. Beraz, nik uste dut esku onetan gaudela.
Eta, bestalde, mundu global honetan euskarak zer-nolako tokia izango du?
Euskararen gainean bi eginkizun nagusi ditugu: alde batetik, euskaraz bizi nahi duten eskualde horiek euskaraz bizitzen jarrai dezaten. Horretarako, guneak edo programa berezituak sortu behar ditugu, horiek, behintzat, beherakadarik izan ez dezaten. Guneez hitz egin nahi dut, eta ez nitxo edo ghettoez. Hitz egiteko espazioak izatea, hori bermatu behar dugu. Eta, bestetik, kanpotik pertsonak datozkigu eta etorriko dira. Bigarren egitekoa da, nire ustetan, horiei guztiei azaltzea, lehenbizi, hemen hizkuntza eta kultura badirela, ezagutu dezaten eta uler dezaten hemen nola funtzionatzen dugun. Guk ere eurak ezagutu eta ulertu beharko ditugu, eta elkar hartze horretan lortu beharko genuke euskara ikas dezaten. Bi elementu horiek, nire ustez, neurri-neurrikoak dira. Eusko Ikaskuntzak dituen lan-ildoei erreparatuta. Kongresua amaituta, lau lan-ildo zehaztu dira. Eta bertan jaso genituen inkesta bidez hainbat ideia, proposamen. Inkestan, etorkizunera begira zein gai proposatzen dituzten galdetu genien. Kongresutik atera ditugunak ez dira oso berriak, baina beti daude aldaera txikiak. Lehenbizikoa da euskal kultura eta euskaldun nortasunen garapena. Bigarrena, gizartearen euskal kohesioa eta komunitate berriaren eraikuntza. Hirugarrena, lurralde kohesioa eta demokratizazio prozesuak. Eta laugarrena izango litzateke –lehendik ere lanean hasita gauden gai bat da– gizartearen ongizatearena, arlo sozioekonomikoari lotuta. Eta horiei guztiei gehitu nahiko nizkieke kongresistei egindako inkestatik eratorritakoak. Lehenengoa bakarrik aipatuko dut, izugarrizko erantzun zaparrada jaso genuelako. Eta hori migrazioa da. Migrazioan arreta jarri behar dugu azterketak egiteko, plazaratzeko.
Kohesioa hizpide izan duzu behin baino gehiagotan. Eta hori nola lortu daiteke zazpi lurralde eta diaspora kontuan hartuta? Tartean izanik hainbat administrazio politiko eta geroz eta askotarikoagoa den jendartea.
Entzun egin behar da, asko. Eta Eusko Ikaskuntzaren egitekoa izango da aniztasun horiek plazaratzea, hor daudela erakustea. Guztiei ere hitza ematea. Batez ere, uler ditzagun edota geure egiteko aukerak izan ditzagun. Eta negoziazio puntu horiek mahai gainean jarri, galdu nahi ez dugun hori galbidean ez dadin gelditu, eta horren alde apustu egin dezagun. Esango nuke guri dagokigula proposamen batzuk egitea ikertutakoaren eta bizitakoen gainean, eta proposamen horiek izan daitezela entzunak, aurrerabidea eskainiko duten neurrian.
Ehundik gora urte duen erakunde bat, gizartearen aurrean eta belaunaldi berriei. Zaharrunotzat har daiteke? Eusko Ikaskuntzak gazte belaunaldiei begira zein egitasmo edo programa zehatz ditu?
Esango nuke Eusko ikaskuntzaren programetan gazteek programa guztietan parte hartzen dutela. Zeren eta gure lan egiteko modua askotarikoa da, arlo guztietatik begiratuta: bai ideologiatik, bai lurraldetik, bai generotik, eta baita ere adin tartetik. Beharbada, beste aniztasun punturen bat utzi dut, baina ikasi behar duguna da belaunaldi ezberdinen artean lan egiten. Gizarte honek beti eskatzen digu, nolabait, gazteek gazteekin behar dutela. Eusko Ikaskuntzak adin tarte guztiekin batera lan egiten du, eta zin dagit lanean aritzen direnak gustura aritzen direla. Datu bat emango dut: igaro berri den kongresuan, parte hartu dutenen adin tarteari erreparatuta, heren bat 35 urtetik beherakoa izan da.
Nik uste dut portzentajea izugarri ona dela. Gertatzen dena da gazteak, 20 urterekin, begiratzen duela gora, eta hura baino zaharragoak ikusten dituela guztiak. Baina horrek ez du esan nahi hura ordezkatuta ez dagoenik eta hark bere eremuan lan egiteko aukerarik izan ez duenik. Beraz, zaharruno adjektibo hori nik uste dut askotan erakundearen adinari jartzen diogula, baina begira zelako egoitzan gauden. Ez dut uste batere arrunta denik.
Eta Eusko Ikaskuntzako ibilbidean badakit aukera egitea oso zaila dela, baina zure ibilbidean zerk eman dizu poz handien?
Egun oso eder eta aberatsak egon dira. Adibidez, XVIII. kongresuko eta mendeurreneko adierazpena irakurri ahal izateak izugarri bete ninduen. Baita XIX. kongresuko emaitzak eman ahal izateak. Baionan Euskararen Nazioarteko Egunaren 75. urteurrenaren adierazpen berritua irakurtzeak, egin genuen moduan, izugarri bete ninduen. Sariek betetzen naute izugarri, une magikoak izaten direlako. Eta hitzarmenak sinatzen dituzunean ere bai, badakizulako hitzarmena zurekin batera sinatu duen horrek zurekin lan egin nahi duela. Orduan, momentu asko dira benetan aberatsak eta bihotza betetzen dutenak.
Zurera etorrita, Ana Urkiza urte luzez idazletzat hartzen genuen eta hartzen dugu; idazle izateari ez zaiola sekula uzten adierazi izan duzu.
Aforismo liburua argitaratu dut Durangora Azokari begira. Hitzetik hortzera du izena. Egia da Eusko Ikaskuntzako lehendakari kargua hartu nuenean parentesi bat egin beharko nuela pentsatu nuela eta ezingo nuela idazten aritu, baina idaztea norberarekin doan zerbait da, nire ustez. Eta, ura bezala; urak beti egiten du bere lekua. Handik edo hemendik beti ateratzen da, eta idaztea ere horrelako zerbait da.
Eta egunak 24 ordu ditu!
Sinplea da. Sekretua, askotan esan izan dut, lo gutxikoa naizela, eta, gero, ez diot pentsatzeari uzten. Denbora guztian pentsatzen nago. Laneko kontuetan pentsatzen nago, Eusko Ikaskuntzako kontuez pentsatzen nago. Harrapatzen nauten gai horiek literaturara eramaten ditut.
Eusko Ikaskuntzan zure aroa igarotzen denean, zer da euskal jendarteak, bazkideek, zuen kideek gogoratu beharko luketena?
Begira, ez naiz horretan pentsatzen jarri. Eta arrazoia da lau urte egin ditudala eta beste lau urterako konpromisoa hartu dudala. Orain buruan daukadana da hurrengo laurtekoan zer egitea dagokigun, zer egin beharko genukeen-eta pentsatzea. Eta, begira, aurreko lehendakariak, elkarri paperak pasatu genizkionean, honako hau esan zidan: “Zuk lehendakari bezala egin behar duzuna da aurrekoarengandik hartu duzun maila horretatik urrats bat gorago utzi”. Uste dut laurteko hauetan urrats bat egin dugula, eta nahiko nuke hurrengo lau urteetan beste urrats bat egin.
Segi lanean eta segi pentsatzen.
Eskerrik asko.