Euskal Herriko Mugimendu Feministak adierazi du nazkatuta, nekatuta eta haserre hasi duela urtea, eta babes eta elkartasun osoa adierazi die senide, lagun eta gertukoei. Mugimenduak mobilizazioak deitu ditu gaur, hilak 7, Euskal Herriko hiriburuetan eta Barakaldon. Bilbon Arriagan izango da arratsaldeko 19:00etan.
Jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen gertakari bat gehiago dela salatu du Mugimendu Feministak. Oraingo honetan, semea izan da 84 urteko ama erail duena. Emakumeak soilik emakume izateagatik erailtzen dituztela eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazkoa mekanismoak behar dituztela aldarrikatu dute. “Egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeen aurkako erasoek ez dute etenik”, gehitu dute, eta indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatu dute.
Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitu dute: “gure bizitzak daude jokoan!”. Honekin batera, autodefentsa feministarako deia eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egin dute. “Badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak”, amaitu du mugimenduak.
Lotsa eta beldurra bandoz aldatzen hasi da, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dute argi esan dute, elkarrekin borrokan denak aske izan arte.