Bilboko kaleak beteko ditu SAREk deitu duen manifestazioak urtarrilaren 11n

uriola.eus 2025ko urt. 7a, 17:19

Larunbat honetan, urtarrilak 11, Sare Herritarra deitu duen mobilizazioa izango da Bilbon. Manifestazioa 17:00etan hasiko da, La Casillan, eta, beste urte batzuetan bezala, Bilboko Udalean amaituko da. Goizetik, Bilboko Alde Zaharrean, trikitilariak, dultzaineroak, erraldoiak eta buruhandiak izango dira. Horrela, aldarrikapena eta festa uztartuko dituzte.

Mobilizazio hau presoen kolektibo baten eskubideen aldeko aldarria dela gogorarazi du SAREk, haien eskubideak urratzen jarraitzen baitute. Giza eskubideen aldeko aldarria ere badela adierazi dute, izan ere, horrela bakarrik uler daiteke SARE bezalako elkarte batek, urtez urte, dozenaka mila pertsonak kaleak bete eta bidegabekeriarik gabeko bakea eskatzea. Euskal presoen eskubideak berriz aldarrikatzea eta indarkeriaren biktima guztiei zor zaien errespetua eskatzea izango dira larunbatean.

BEHIN BETIKO lemapean beteko dituzte dozenaka mila pertsonek Bilboko kaleak. 500 boluntario inguru ibiliko dira mobilizazioan zehar, manifestazioaren segurtasunaz, trafikoaz, diru-eskeaz eta halako ekitaldi jendetsu batek dakarren guztiaz arduratzeko.

Manifestazioaren aurretik pankarta bat egongo da eta hauek izango dira pankarta eramango dutenak: Rosa Rodero (ETAren Biktima), Ane Muguruza (Estatu indarkeriaren biktima), Emilie Martin (Bakebidean), Martxelo Otamendi (Kazetaria), Garazi Hach Embarek (Eskubideen aldeko eusko-saharar ekintzailea), Arantza Aldezabal (EHUko Irakaslea), Amaia Izko (Abokatua), Eva Ferreira (Harrera), Patxi Biskert (Aktorea), Jose Luis Elkoro (Bergarako alkate ohia), Rafael Larretxea (Senidea), Bego Atxa eta Joseba Azkarraga (SARE).

Hainbat alderdi, elkarte eta esparru geografiko, profesional eta kulturaletako pertsona ugarik iragarri dute manifestazioan parte hartuko dutela. EH Bildu, EH Bai, Junts, ERC, CUP eta Més Per Mallorca alderdiek parte hartuko dute. ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CGT, CNT eta ETXALDE sindikatuek ere bat egin dute manifestaziaorekin. Azkenik, elkarte hauek parte hartuko dute: Bakebidean, Egiari Zor, Gure esku Dago, Paz con Dignidad, Harrera, Etxerat, Ernai, ANC, Omnium Cultural, Kataluniako abokatutzaren Koordinadora. Politikarien, sindikatuen eta elkarteen ordezkaritza zabal horrekin batera, kultura, unibertsitate, kirol eta abarren arloko pertsona ugarik helarazi digute manifestazioari atxikimendua.