Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioak denboraren kontzeptuan sakontzea proposatzen du. Helburu horrekin, hamabi film proiektatuko dira Euskal Herriko hiriburuetan eta Donibane Lohitzunen. Bilbon, EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriumean proiektatuko dira. Horretaz gain, publikoak aukera izango du nazioarteko ospea duten hogei bat zientzialarirekin eztabaidatzeko, hainbat gairi buruz: zulo beltzak, denboran zeharreko bidaiak, multibertsoa eta bizitza modu artifizialean sortzea, besteak beste.
Zikloa gaur hasi da hasiko da Gasteizko Artium Museoan, The Theory of Everything –La teoría del todo– filmarekin (James Marsh, 2014). Film horretan, ibilaldi bat egiten da Stephen W. Hawking fisikari, astrofisikari, kosmologo eta dibulgatzailearen bizitzaren parte batean zehar.
Ikastetxeei zuzendutako emanaldiak ere izango dira, goizetan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Gravity proiektatuko da (Alfonso Cuarón, 2013), euskaraz eta gaztelaniaz azpititulaturik. Aurkezleak DIPCko Kosmos alorreko ikertzaileak izango dira: Leire Larizgoitia, Francesc Monrabal, Lurdes Ondaro eta Sara Ortega.
Sarrerak online erosi ahalko dira, eta Bilbon Arte Ederren Bilboko Museoan. Txartelek 3,50 eta 6 euro bitartean balioko dute (deskontuak sartu gabe).
Filmak
Klasikoen artean honako hauek nabarmentzen dira: The Time Machine (George Pal, 1960), H.G. Wellsen eleberrian oinarritua, zeinak denboran zeharreko bidaiaren kontzeptua gizarteratu baitzuen; The Thing (John Carpenter, 1982) beldurrezko klasiko modernoa, zientzialari batzuek eta izaki estralurtar batek Antartikan duten borrokaren inguruan; eta Frankenstein eta The Bride of Frankenstein (James Whale, 1931, 1935), zientzialari batek gorputz bizigabe batzuei bizia emateko duen erronkaren harian. Azken hau da aurtengo karteleko protagonista.
Film berriagoak ere programatuko dira: High Life (Claire Denis, 2018), Donostia Zinemaldian lehiatua eta zulo beltzen, ugalketa-esperimentuen edo espazioko bizitzaren gaiak aztertzen dituena; Everything Everywhere all at once (Daniel Kwan eta Daniel Scheinert, 2022), multibertsoan barneratzeko gonbitea; eta Le Théorème de Marguerite (Anna Novion, 2023), doktore-tesiko azken urtean dagoen emakume matematikalari baten erretratua.
Hainbesteko zabalkunderik izan ez duten lan batzuk ere proposatzen ditu Euskadiko Filmategiak: Kampen om tungvannet (Jean Dréville, Titus Vibe-Müller, 1948), ez-fikzioaren eta abentura-zinemaren arteko nahasketa bat, zeinak hurbilduko baikaitu Bigarren Mundu Gerran bonba atomikoa lortzeko izandako lasterketara; Djúpiò (Baltasar Kormákur, 2012), giza gorputzaren mugak ikertzen dituen filma; eta Vincere (Marco Bellocchio, 2009). Azken horretan, Benito Mussoliniren boterera igoera kontatzen da, haren lehen emazte Ida Dalser-en historiaren bitartez. Hala, gizarte-zientziak sartu dira lehen aldiz ziklo honetan, eta Julián Casanova eta Antonio Rivera historialariek helduko diote faxismoak bi mundu-gerren arteko denboran izan zuen gorakadaren gaiari.
Azkenik, Zinema eta Zientzia sailean, Erin Brockovich emango dute (Steven Soderbergh, 2000), non Julia Robertsek ingurumen-ekintzaile baten papera jokatzen baitu, eta La Maladie de Sachs (Michel Deville, 1999) zeinean kontatzen baita dohaintzat entzuteko gaitasuna duen herri-mediku baten bizitza.