Noizbait kasualitatea izan dadin

Maider Silva 2025ko urt. 10a, 12:48

Bertso sistemak berak emakumeon arteko lehia eta inbidia sustatzen dituela sentitu nuen nire gorputzean”. Honako adierazpen hau jasotzen du, beste askoren artean, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik: emakume bertsolarien testigantzak (2019, Susa) liburuak.

2019an kaleratutako liburuak hamabost bertsolariren testigantzak biltzen ditu, baina helburua ez da, berak dioen moduan, bertsogintzaren teknika finduez, koplen kalitateaz edo zortzikoen flow-az mintzatzea, baizik eta ahots publikoa duten emakumeen basterreko mugimenduari buruzko gogoeta egitea, bertsolaritzaren esparrutik harago doana.

“Emakume bertsolariek, praktikan, onartuta daukate elkarren arteko ordezkagarritasuna”, hala dio liburuan Alberdik. Izan ere, historian zehar gutxitan kantatu dute elkarrekin, elkarren ordezko izan baitira. Baina, horren aurrean, sistemak eragindako lehiakortasunari aurre egiteko mekanismo kolektiboak landu dituzte emakume bertsolariek: Ahalduntze Bertso Eskola, Zilekoa, Ez da kasualitatea saioak… Banakako lehia meritokratikotik aparte, testua eta testuingurua lantzeko tresna kolektiboak dira. Festa, konplizitatea, lasaitasuna, gozamena, segurtasuna, taldetasuna, ausardia, maitasuna, alternatiba, gorpuztasuna… hori dena aurkitzen dute emakume emakume bertsolari asko gune horietan.

Ez da kasualitatea bertso-saio musikatua da. Hiru edo lau bertsolarirekin batera bi musikari aritu ohi dira saio hauetan. Duela hamar urte inguru sortu ziren eta, izenak dioen moduan, “ez da kasualitatea” lau bertsolariak eta gai-jartzailea emakumezkoak izatea. Izan ere, oraindik, zoritxarrez, gizonezkoz osaturiko saioak baino ez baitira kasualitatez izaten.

Beraz, saioen helburua argi adierazi du Maite Sarasola bertsolari deustuarrak: “batez ere emakumeek plazan sare bat sortzea, elkartzea eta guk elkarrekin kantatzeko espazio seguru batzuk sortzea”. Saio hauetan, saio normaletan kantatzen ez diren gaiak aipatzen dira, egiten ez diren ariketak… Orokorrean emakumeentzako oso espazio seguruak ere badirela azpimarratu du: “Konplizitatea sortzen da kantukideen artean”. Hein handia batean libre sentitzen dira hanka sartzeko eta nahi dutenari buruz abesteko, nahi duten eran eta estiloan. Maite Sarasolak nabarmendu du feminismoak zeharkatzen duela proiektu hau eta emakume bertsolari askorentzat deskubrimendua eta salbazioa izan dela.

Beraz, izenak dioen moduan, ez da kasualitatea bertsolari guztiak emakume izatea, horregatik abenduaren 9an aritu ziren bertsotan Miren Amuriza, Maite Sarasola eta Aissa Intxausti Deustuko Udaltegian. Libe Goenaga eta Aner Euskitze izan ziren oholtzako musikariak eta Idoia Anzorandia gai-jartzailea.

“Astelehen iluntze baten plan mundiala da” eta  “ez dago aste bat hasteko modu hoberik”, adierazpenek ondo laburbiltzen dute bertso-saioren hasiera. Ohikoa den bezala, agurrarekin hasi ziren, hasiera hitza abiapuntutzat hartuta.

Bertso-saioak aurrera egin zuen eta hainbat aldarrikapenek, nola ez, bere lekutxoa hartu zuten momenturen batean. Euskararen Eguna protagonistetako bat izan zen gaien artean, eta horretaz Maite Sarasola eta Miren Amuriza aritu ziren solasean. Euskarak hirian ba ote duen lekurik galdetu zioten euren buruari. Bi jarrera ezberdin izan behar dituzten bertsolariek: ezkorra eta baikorra. Kezka, motibazio-falta, katearen indarra… ideia dezente agertu zituzten elkarri eragiteko.

Hurrengo gaia sare sozialak eta erasoak izan ziren, azkenaldian bor-bor dabilen gaia, hain zuzen ere. Sare sozialak emakumeek jasotako erasoak salatzeko tresna bihurtu dira azken hilabetean, eta kasu askotan erasotzailea errepikatu egin da. Argi geratu da denetarik dagoela: arkitektoak, ginekologoak, tatuatzaileak, musikariak... Azken batean  gizon arrunta da erasotzailea. Hori dela eta, hortzak zorroztu beharra dagoela aldarrikatu dute bertsolariek: “beldurra izan dezaten, beldurra tresna izan dadila”.

Horrelako gaietan oilo-ipurdia jartzea ez da harritzekoa, baina irribarreak ere ikus zitezkeen aretoan beste gai batzuen inguruan ibili zirenean: ligoteoaren mundua, Mari Domingiren gutunak, nerabezarotik izandako aldaketak, familiarteko eztabaida ohikoak… Aissa Intxaustik bere ikasturteko agenda ere plazaratu zuen hilabetez hilabete, bertsolari emakume baten ikuspuntutik.

Bukaeran, betiko lez, agurrak izan ziren bertso-saioa borobildu zutenak. Astelehen euritsua izanda ere, gustura ibili ziren bertsolariak eta entzuleak. Giro ederra sortu zen Deustuko Udaltegiko areto nagusian musikaz lagunduriko hiru emakumeen bertsoekin.

Aipagarria da Amurizaren agur-bertsoaren azken puntua: “kantuan segitu kolpez ireki atea, noizbait hau benetan izan dadin kasualitatea”. Hori baita helburua, urteko edozein egunetan, eta pentsatu gabe ere, kasualitatez emakumeak bertsotan ibiltzea oholtza gainean.

Baina bitartean intentzio osoz antolatzen jarraituko dituzte Ez da kasualitatea saioak, eta Maite Sarasolak espero du etorkizunean asko egitea: “gainera, txapelketetan edo plaza normaletan egoten ez den testuinguru bat egoten da, edozein bertso saio ez delako espazio seguru bat bertsolarientzat”. Aipatu du, adibidez, txapelketetan epaitzen dituztela, eta saio hauek libreago abesteko aukera ematen dietela. “Oso garrantzitsua da guretzako horrelako espazioak egotea, non epaituak izango ez garen eta guk erabakiko dugun non, nola, zergatik eta zeri buruz abestu”, gaineratu du Sarasolak.