Ekainaren 7an Euskal Herriko herritarrak Bilboko kaleak hartuko dituzte herri bat direla, Euskal Herria, aldarrikatzeko. Zazpi lurraldeetako Euskal Herriaren agerraldia izango da, herri gisa garatzeko baliabideak eskatzeko eta etorkizuna erabakitzeko borondatea adierazteko.
Euskal Herriko lurralde ezberdinetan, estatus politikoa berritzeko beharraren inguruko kontzientzia gero eta argiagoa dela uste dutela adierazi du Josu Etxaburuk, Gure Eskuko kideak. “Gu gauden lekutik oso sinistuta gaude herritarron garaia dela”, gaineratu du.
Ekainaren 7ko mobilizazioaren antolakuntzari bide emateko, eta mobilizazioren helburuak eta ezaugarriak zehazteko datozen asteetan herrialde batzar irekiak deitu dituzte. Nafarroan, urtarrilaren 14an izango da Iruñean; Gipuzkoan, 15ean Tolosan; Bizkaian ,21ean Zornotzan; eta Araban 24an Gasteizen. Herrietako Herri Libre Bat batzordeak mobilizazioaren antolakuntzaren zutabe nagusia izango dira. Horregatik, ahalik eta Herri Libre Bat batzorde gehien sortzeko asmoz, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu dituzte.
Batzar hauetan, mobilizazioaren helburuak eta ezaugarriak partekatuko ditugu eta herrietan nola antolatu landuko dugu. Herri Libre Bat batzordeen eskuetan bitarteko kutxa bat jarriko dugu. Bertan, tokian tokiko herritarrek euskarriak aurkituko dituzte mobilizazioaren antolakuntzan laguntzeko.
Egun osoko egitarau prestatuko dutela argitu du Paula Rosonek, Gure Eskuko kideak. “Gure Eskuko hamar urte luze hauetan bat egiten duten guztiekin berriro elkar aurkitzeko une egokia izango da, mimoz gozatu dezagun”, gehitu du Etxaburuk.
Indar erakustaldia
Gure Esku konbentzituta dago 2025. urtea garrantzitsua izango dela Euskal Herriarentzat, eta aurrerapausoak emango direla. “Begi bistakoa da herri mugimenduak garai hobeak bizi izan dituela baina horrek ez du nahi esan garai horiek berriro etorri behar ez direnik” adierazi du Etxaburuk. Izan ere, “herri sentimendua eta herri harrotasuna loratzeko” gogoz antzematen ditu herritarrak.
Horrekin batera, euskal lurraldeen arteko lankidetza gero eta naturalagoa dela ohartu da, eta hura indartzeko gogoa gero eta handiagoa dela: “Gaur gauden lekuraino iritsi bagara izan da katea ez delako eten, eta gure nahia da kate hori ez dadila eten”, gaineratu du.