Bilboko kaleak bete dituzte milaka pertsonek ilusioz eta esperantzaz behin betiko konponbidea eskatzeko

uriola.eus 2025ko urt. 11a, 22:38

Euskal presoen eskubideak erreibindikatu dituzte gaur Bilbon. Manifestazioa La Casillan hasi da arratsaldeko 17:00etan eta Udaletxeraino abiatu da argi eta ozen esanez presoen egoera konpondu ezean ez dela egongo normaltasunik.

Behin betiko konponbidearen, justiziazko bakearen eta elkarbizitzaren unea delako bildu dira milaka lagun bildu dira gaur arratsaldean, hilak 11, La Casillan Sarek deitu duen manifestazioaren abiapuntuan. Zenbait alderdik bat egin dute: EH Bilduko Arnaldo Otegi, Pello Otxandiano, Laura Aznal eta Gorka Elejabarrieta, eta EH Baiko Xabi Larralde, Nerea Peponnet eta Mikel Irastorza. Sortuko Arkaitz Rodriguez, Oihana San Vicente eta Haimar Altuna ere egon dira.

Sindikatuen ordezkaritza ere bertan bildu da: ELA, LABeko Igor Arroyo, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CGT, CNT eta ETXALDE. Eragileen artean, besteak beste, Bakebidean, Bilgune Feminista, Egiari Zor, Ernai eta Gure Esku Dago.

Euskal Herritik kanpo ere babesa eman diote euskal presoen aldeko manifestazioari: Catalunya, Illes Balears eta Galizatik OMNIUN, ANC, ERC, JUNTS, CUP, MÈS PER MALLORCA y la COORDINADORA DE LADVPCACIA DE CATALUNYA, per la vostra solidaritat, eta BLOQUE NACIONALISTA GALEGO.

Zanpantzarrak eta izaki mitologikoak izan dira manifestazioaren buru, eta zintzarrien doinuarekin batera abiatu da Udaletxeraino. Atzetik, Sareren pankarta eraman dute hainbat pertsonek Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza. leloarekin: Ane Muguruza Estatu indarkeriaren biktima, Garazi Hach Embarek Eskubideen aldeko eusko-saharar ekintzailea, Martxelo Otamendi Berriako zuzendari oihia, Arantza Aldezabal EHUko Irakaslea, Patxi Biskert aktorea, Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohia, Rafael Larretxea (Senidea), Bego Atxa eta Joseba Azkarraga (SARE), besteak beste. Senideak ere ezin ziren falta manifestazioan, eta hauek pankartaren atzean egon dira.

Autonomia kalea zeharkatu eta Zabalburu atzean utzita, Udaletxera ailegatu dira milaka pertsona. Bidetik Palestinaren alde eta Gure esku mugimendu herritarraren hainbat aldarrikapen ere egon dira presente.

Arratsaldeko 18:30ean Txoriak txori abestiarekin hasi dute Lluis LLachek eta Gorka Knorrek amaierako ekitaldia. Ondoren, Sareko Bego Atxak eta Joseba Azkarragak egin dute irakurketa. Ozen aldarrikatu dute elkarbizitzaren oinarria konponbidea dela, justiziazko bakera hurbiltzeko bide bakarra delako.

Gogorarazi dute ez dutela inolako pribilejiorik eskatzen, baizik eta espetxe politika arruntaren aplikazioa, salbuespenik gabe, diskriminaziorik gabe, abagune politikoaren menpe egon gabe. “Gainerako presoei ezartzen zaizkien tratu eta irizpide berberak eskatzen ditugu”, aldarrikatu du Bego Atxak.

Aurrera egiteko garaia dela ozen adierazi du Bego Atxak, Sareko kideak: “Hormak hautsi eta korapiloak askatzeko garaia da, bakearen garaia”. Indarkeriarik gabeko eta  eskubideak ekartzen dituen bakearen garaia, hain zuzen ere. “Aurrera goaz etapak betez eta gure aurpegietan iaz baino poz handiagoa ikusten da aurten. Eta hurrengo urtea are hobea izango da”, gehitu du.

Oraindik bide luzea dutela  aurrean badakite, baina horren aurrean indartsu sentitzen dira badakitelako arrazoia dutela. “Espetxeen arazorako eta biktima guztientzako justiziazko konponbide batek bakarrik hurbilduko gaitu bakerantz”, gaineratu du Atxak.

“Gure herrian sufritu dugun gatazkaren ondorio guztiak ixteko eta bukatzeko garaia da”, ozen esan du Joseba Azkarragak eta adierazi du iraganeko, eta batez ere, etorkizuneko belaunaldiei zor dietela: “utzi behar diegu guk geure aurrekoengandik jaso genuena baino hobea izango den gizarte bat”. Esaldi horrekin bukatu du irakurketa eta ozen oihukatu du: “Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera!”

Ekitaldiarekin bukatzeko Ines Osinagak Dena aldatzen da kanta abestu du eta teknologia erabiliz zuzenean sartu dio abestiari Behin betikoren kanta.