VillaSoundBilbao Jaialdiaren V. edizioan parte hartzeko epea zabalik dago

uriola.eus 2025ko urt. 15a, 13:01

Jaialdian parte hartu nahi duten musika-talde eta bakarlari gazteek otsailaren 13ra arte izango dute izena emateko. Jaialdiaren helburua da musikari gazteak (16-35 urte) bultzatzea eta laguntzea.

Bilboko Udalak VillaSoundBilbao Jaialdiaren V. edizioan izena emateko epea ireki du eta interesdunek otsailaren 13ra arte dute eskabidea egiteko www.bilbao.eus/bilborock webgunean. Epaimahai batek Bilborock aretoan 4 kontzertutan joko duten 12 taldetatik 6 hautatuko ditu. Aukeratutako bandek prestakuntza-programa batean parte hartuko dute, eta batek 4 kontzertuko bira bat egingo du Estatuko zenbait hiritan.

Aurkeztutako lanek musika mota garaikideen artean edozeinetakoak izan ahalko dira (rocka, popa, metala, trapa, elektronikoa, folka, egile-musika...), edo haien arteko nahasketa bat. Epaimahaiak aintzat hartuko du taldeetan emakumeak egotea eta euskarazko sorkuntzak egitea.

 

Jaialdiaren prozesua

VillaSoundbilbao (VSB) Jaialdiak hiru fase izango ditu: VSB Fest-erako hautaketa, VSB Mentoring eta VSB Tour 2025. Lehenengoan, epaimahai profesional batek 12 musika-talde edo bakarlari aukeratuko ditu izena eman dutenen artean "VSB Fest"-en Bilborocken jotzeko. Emanaldiak martxoaren 21 eta 28an eta apirilaren 4 eta 11n izango dira. Ostiral bakoitzean hiruk joko dute.

 

Bigarren fasean, 12 banda eta bakarlarietatik 6 hautatuko dira, eta aukera izango dute mentoretza pertsonalizatuko programa batean eta estudioko saio batean parte hartzeko. Programa hori hautatutako taldeen edo bakarlarien beharretara egokituko da, laguntza eta prestakuntza eskainiz, eta ospe handiko profesionalen eskutik. Hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola, komunikazioa eta P&R, musika-ekoizpena, eta kontzertuak eta birak.

Azkenik, hirugarren fasean, 6 bandetako bat hautatua izango da 4 kontzertuko bira bat egiteko Estatuko zenbait hiritan. Bira hori Son Estrella Galicia kontzertu-zikloaren barruan egingo da, eta taldeak kobratu egingo du. Maiatzaren 3an, larunbata, Bilborocken egingo den ekitaldi batean iragarriko da talde horren izena.  Ekitaldian, ziklo horretan integratutako talde ospetsu batek joko du.

Halaber, epaimahaiak honako jarduera hauetarako hautatutako gainerako talde/bakarlariak iragarriko dira: Musika Bulegoa kontzertua, Aste Nagusiko kontzertua, BIME kontzertua, kontzertua SGAE Fundazioak antolatutako musika urbanoko ekitaldi batean eta Bilborockeko entsegu-lokaletan Lokal Sessions programaren barruan bideoklip bat grabatzea.