Taupada euskaltzale mugimenduaren jardunaldiak urtarrilaren 30ean izango dira

uriola.eus 2025ko urt. 16a, 11:32

Jardunaldiak euskaltzaleak aktibatu eta saretzeko proposamen berriak aztertuko ditu Bilboko Berrikuntza Faktorian 9:30etik 14.15era. Interesa duen eragile zein norbanako orori dago zuzendua.

Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak 2001etik antolatu duen jardunaldi hau (lehen Topaldia izena zuena) ezinbesteko hitzordua bihurtu da mugimenduko euskalgintzako eragileen formakuntzarako, elkartrukerako eta hausnarketarako. Berrikuntzarako eta etorkizuneko estrategiak eta ekimenak pentsatzeko baliatzen du, eta helburu nagusia euskaltzaleen mugimenduarentzako interesekoak diren gaien gainean hausnarketa egitea da. Jardunaldi hauetan kanpoko eragileekin eta lagunekin elkartrukerako espazio bat bideratzea edota ezagutza sortu eta partekatzea.

Aurtengo edizioan, sare nazionalez eta tokikoez hitz egingo da, autonomiaz eta interdependentziaz, elkarrekin egin daitekeenaz. “Euskarak euskaltzaleak behar ditu, euskararen alde egingo duten herritarrak aktibatzea behar du”, adierazi du taupa Euskaltzaleen Mugimenduak eta horretarako, antolatu eta saretzeko modu eta proposamen berriak behar direla ohartarazi du.

Taupada  Jardunaldiak Bilboko Berrikuntza Faktorian egingo dira, eta goizeko 9:30ean hasiko dira. Hainbat galderen inguruan hausnartuko da eta horretarako hainbat hitzaldi eta mahai-inguruz osatutako egitaraua prestatu dute. 10:00etan gizarte ongizatean bilkura kolektiboen eta batasun emozionalaren eragina aztertuko du Jon Zabalak, Gizarte Psikologiako doktoregaia eta EHUko “Kultura, Kognizioa eta Emozioa” ikertaldeko kideak.

Ondoren, Letizia García Fernández eta Eneritz Garro Larrañaga Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak hitzaldi bat emango dute irakaslegaiak euskararen eragile aktibo: unibertsitatea esperimentaziorako testuinguru izenpean. 11:25ean Xabier Harluxet BIZI Mugimenduko kidea klima-aldaketaren eta injustizia sozialaren aitzinean herritarrak aktibatzearen inguruan arituko da.

Atsedena eta gero, beste hitzaldi bat egongo da  Igor Ahedo Gurrutxaga Parte Hartuz Ikerketa Taldea EHUko kidearen eskutik NItik GUra: saretze eredu berriak izenpean. Azkenik, jardunaldiak TAUPA MUGIMENDUAREN mahai inguruarekin amaituko aktibazio ildo berriari begiradaren inguruan hausnartuz. 14:15ean itxiera emango zaie.