Bizkaiko Foru Aldundiaren langileen egonkortzearen aurkako sententzia salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak

uriola.eus 2025ko urt. 16a, 14:18

Aurreko astean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiak enplegu publikoa sendotzeko eta egonkortzeko prozesuekin lotutako administrarien kategoriako 77 lanpostuko lan-eskaintza publikoaren aurka egin du.

Euskalgintzaren Kontseiluak, eta LAB eta ELA sindikatuek bere kezka adierazi dute gaur, hilak 16, Foru Jauregiaren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiren aurkako sententzia honek 77 langileren egonkortzeari eragiten diolako. Azken sententzia honekin, oldarraldi euskarafoboak dagoeneko 500etik gora lanpostu publikori eragin die.

Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du helegitea aurkeztuko duela (epaia ez da irmoa), eta jarrera hori txalotu nahi du Kontseiluak: “Euskararen normalizazioan eman beharreko pauso guztiak ematera animatu nahi dugu”.

Herritarrek euskaraz artatuak izateko dituzten eskubideen eta langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidearen aurkako erasoa dela salatu dute, eta “euskaraz lan eta bizi nahi” dutela oihukatu dute behin eta berriro gaurko elkarretaratzean bildu diren ehunka lagunek.

Bereziki larria da, gainera, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bildutako salaketa ugariek adierazten duten bezala, herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideak ez daudelako bermatuta Bizkaiko Foru Aldundian. “Euskararen normalizazioan pausoak ematen jarraitu behar da, beraz, eta hori oztopatzea dute helburu epai euskarafobo hauek”, ohartarazi du Kontseiluak.

Hala, Kontseiluak bere babesa helarazi nahi dio Bizkaiko Foru Aldundiari sektore publikoa euskalduntzeko neurriak bultzatzen jarrai dezan, eta gogorarazi du beharrezkoa dela euskal eragile politikoek eta erakundeek beharrezko urratsak egitea hautaketa-prozesuei segurtasun juridikoa emateko, eta, era berean, hizkuntzaren normalizazioa bultzatzeko.