Milaka langile elkartu dira gaur, hilak 22, Bilbon egindako manifestazioan “Irakasleen lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean. EAEko Hezkuntza Sailaren 27.000 irakasle zeuden gaurko grebara deituak, eta horien %75ak baino gehiagok babestu du. Hezkuntzako langileen lan-baldintzak okertzen ari direla salatu dute, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako.
Egunari jarraipena emanez, bihar, hilak 23, EAEko hiru lurraldeetan egingo dira manifestazioak, eta Bilbon 11:30ean hasiko da Eusko Jaurlaritzatik Arriaga plazara. Hezkuntza sailari eduki gabeko bilerak deitzeari uzteko eta greba hauetako aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak mahai gaineratzeko eskatu nahi dute. Otsailaren 26 eta 27an ere, grebarako deialdia dago.
Hamabost urte luze dira jada gure lan-baldintzak arautzen dituen akordioa berritzen ez dela, eta urte luze horietan Eusko Jaurlaritzak ez du borondaterik izan irakasleekin lan-akordio arautzailerik sinatzeko. Erakunde publikoek eredu izan beharko luketen horretan, sindikatuek salatu dute Hezkuntza Sailak hamabost urte luzeko atzerapena daramala.
Sindikatuek argi adierazi du Hezkuntza Sailarekin negoziatzeko borondatea, baina Hezkuntza Sailak agerian utzi du mahaiak eta bilerak langileekin negoziatzeko eta adostasunak lortzeko erabili beharrean, negoziaketa itxura emateko eta bere burua justifikatzeko tresna gisa erabiltzeko hautua egin duela.
Hezkuntza Sailak argi utzi digu ez duela dirurik inbertituko gure lan-baldintzak hobetzeko, eta ondorioz, hezkuntza publikoa indartzeko. Begi-bistakoa da, hortaz, borondate kontua dela, oraingoan ere. Ez dezagun ahaztu lan-baldintzak eta hezkuntza kalitatea txanpon beraren bi aldeak direla.
Hainbat kolektibo mobilizatuta
Unibertsitatez kanpoko irakasleen sektorean deitu dituzten lau egun horietaz aparte, Haurreskolak partzuergoko langileak eta Sukalde eta garbiketako langileak mobilizatuko dira. Izan ere, 2009koak dira Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketa alorreko zein Sukalde eta garbiketako langileen hitzarmenak, eta horren aurrean, sindikatuek aldarrikatu dute, 15 urte luzeren ondoren, badela garaia lan hitzarmenak hemen eta orain negoziatzeko, atzerapausoak bertan behera utzi eta langileen lan baldintzak hobetzeko.
Beraz, Haurreskolak partzuergoko langileak datorren urtarrilaren 28 eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an; eta Sukalde eta garbiketako langileak urtarrilaren 30 eta 31n eta otsailaren 19 eta 20an mobilizatzera deitu dituzte.
Nahiz eta kolektibo bakoitzarentzat aldarrikapen zehatzak izan, badira sindikatuek adostutako zazpi aldarrikapen amankomun: geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatzea. Era berean, Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea.