Bilbao Blues Festival Jaialdiaren IV. edizioa uztailaren 25etik 27ra izango da

uriola.eus 2025ko urt. 24a, 14:36

Edizio honetan lehiaketako saria Jimmie Vaughanentzako (Texas, 1951) izango da, lau Grammy irabazi dituenak.

Bilbao Blues Festival jaialdiaren laugarren edizioa uztailaren 25etik 27ra egingo da, Bilboko Areatza eszenatoki nagusia izanda. Lehiaketako saria Jimmie Vaughanentzako (Texas, 1951) izango da.

“Jaialdia finkatuz joan da pixkanaka-pixkanaka, hiriko festen egutegiaren zati garrantzitsua bihurtuz, eta dagoeneko erreferente bilakatu da nazioarteko mailan”, adierazi du Carlos Mallesek, Bilbao Blues Festivaleko zuzendariak.

Crazy Blues  da jaialdiaren erakunde sustatzailea, eta nazioarteko aintzatespena duen erakundea da, izan ere, nazioarteko sari garrantzitsuenak ditu musika genero hau sustatzeari dagokionez: BBSA saria eragile onenarentzat (Blues Behind the Scenes Award), European Blues Unionek Azoresen 2019an emandakoa, eta K.B.A. saria nazioarteko jaialdi baten antolakuntzarik onenarentzat (Keeping the Blues Alive), mundu mailako aipamen handiena, 2015ean Blues Foundationek Memphisen aitortua.

Jimmie Vaughan saritua

Edizio honetan lehiaketako saria Jimmie Vaughanek (Texas, 1951) irabazi du, blues amerikarraren historiako gitarristarik onenetako bat. Bere ibilbidean zehar lau Grammy sari eta zortzi izendapen jaso ditu. “Aurten bereziki pozik gaude txapela Jimmie Vaughani jarri ahal izateagatik” esan du  Mallesek.

70eko hamarkadaren erdialdean The Fabulous Thunderbirds talde mitikoa sortu zuen Kim Wilson abeslari eta harmonizistarekin, Keith Ferguson baxu jotzailearekin eta Mike Buck bateriarekin batera. Garai hartako bluesa eraberritu zuten eta zazpi disko grabatu zituen 1990era arte. Hiru urte geroago, bakarlari moduan karrera bikain bati ekin zion.

Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Ekonomia, Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismo zinegotziak zehaztu duenez, artista mitiko horren aintzatespena “aurtengo jaialdia irekitzeko modurik onenetako bat da, eta hasiera horrek beste hitzordu kultural bat ekarriko du berekin, nazioartean izen propioarekin finkatzea lortu duena”.