Bi greba egun hauetan, hilak 28 eta 29, 16 urtez hitzarmena eguneratu gabe dagoela salatu dute. Lan zamak arintzea, gazteberritze plana adostea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela argi adierazi dute. Aldarrikapen hauekiko erantzunik ez balego, grebetan jarraitzeko indarra daukagula ozen oihukatu dute.
Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuengatik eta hamarnaka langileri greba eskubidea ukatzeagatik. Hala ere, sindikatuek pozik adierazi dute, grebaren bi egunek %85etik gorako jarraipena izan dutela.
Greba arrakastatsuak izan dira “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean. Adostasunik lortu ezean jarraipena emango diotela adierazi dute otsailaren 12rako eta 13rako deitutako greba deialdiei ere.
Bitartean, Hezkuntza publikoko irakasleek hasitako greba dinamika eta haurreskoletako langileek segitu dutena, bihar eta etzi, hilak 30 eta 31, jarraipena izango du Hezkuntza saileko sukalde eta garbiketa kolektiboan. LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, mobilizazioa egingo dute Bilbon, 11:30ean, Plaza Eliptikotik Hezkuntzako lurralde ordezkaritzara.