Pasa den astean, hilak 24, egindako urtarrileko Osoko Bilkuran EHBilduk euskarari bultzada emateko, eta politika kulturalak eta sorkuntza sustatzeko, hiru proposamen aurkeztu zituen. Prentsaurrekoan Maria del Rio EH Bildu udal taldeko bozeramaileak eta Nerea Undabarrena zinegotziak parte hartu zuten.
Lehenengo, udal kultur-zentro bakoitzeko eskaintza eszeniko-kulturala elebiduna izateko pausoak aurkeztu ditu; bigarren, Biribilko, Bilboko merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko proiektua indartzeko mozioa; eta azkenik artisauen sorkuntzarako eta ekintzailetzarako lantegi-espazio bat martxan jartzea. Proposamen hauek “herritar zein eragile kulturalen aldetik jasotako kexei zein kezkei erantzuna emateko” aurkeztu dituzte.
Euskararen presentzia soziala bermatzea
EH Bilduk euskarazko udal kultur zentro bakoitzaren eskaintza eszeniko kulturala handitzea proposatu du, izan ere, Del Ríok adierazi du udal eta instituzio ororen “betebeharra” dela euskara zein kulturari bultzada bat ematea “politika kultural zein linguistikoek erdigunea hartzeko”. Horrela, Bilboko paisaia linguistikoan salto kuantitatibo zein kualitatibo bat ematen dela nabarmendu du Undabarrenak.
Hala ere, badakite Paisaia linguistikoa egun batetik bestera ez dela aldatzen, eta horregatik bide-orri egingarria planteatu du EH Bilduk. “Lehenengo pausu batean, euskal kultur eskaintza handitzea bi urtetan %33ra heltzeko –gaur egunekoa biderkatuz. Bigarren pausua, 2030eko epemugan, euskarazko eta gaztelaniazko arte eszenikoen eskaintza parekatzea litzateke”, azaldu du Undabarrenak.
Gainera, azpimarratu du proposamena onartzen eta praktikan jarriko balitz, kultur-sorkuntzan ere eragina izango lukeela: “lehen mailako plazak eskainiko zaizkie zazpi herrialdeetako kultur sortzaileei, Bilbo erreferentziazko plaza bilakatuz bai kulturarentzat bai euskararentzat, sortzaile gazteak erakarriz.
Bigarren proposamenean Biribilko, Bilboko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk. Era berean, Biribilko programa zabaltzeko aldizkako kanpainak abiaraztea eta Eusko Jaurlaritza zein Bizkaiko Foru Aldundiko merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko programekin behar bezalako koordinazioa areagotzeko proposatzen du.
Azkenik, artisauentzat sorkuntzarako eta ekintzailetzarako lantegi-espazio kolaboratibo bat gaitzeko eskatu dute. “Bertoko artisauek tokiko nortasunaren funtsa irudikatzen dute, teknika tradizionalak eta ideia berritzaileak uztartzen dituzte, ohiko merkataritza bultzatuz eta ehun komunitarioa sendotuz”, azaldu du. Horregatik, Del Riok defendatu du hirian sormena eta ekintzailetza bultzatzeko funtsezkoa dela proiektu berritzaile, propio eta lokalei bizia emateko espazioak sortzea.
“Laburbilduz, proposamen egingarriak dira aurkeztutakoak, euskaraz aurrera egiteko eta gure kultura sustatzeko beharrezkoak. Beraz, espero dugu akordioak lortzea horiek martxan jarri ahal izateko”, bukatu du Del Riok.