Sukalde eta garbiketako grebaren lehenengo egunak %70etik gorako jarraipena izan du

uriola.eus 2025ko urt. 30a, 13:35

Bilbon egindako giza katea | Egilea: LAB sindikatua

Ehundaka langile elkartu Bilbon egin den giza katean gaur, hilak 30, goizeko 11:30ean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebak jarraipen zabala izan du. Sindikatuek, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute, izan ere, kolektibo honen greba eskubidea baldintzatu nahi izan duela adierazi dute: “Gehiegizko zerbitzu minimoak ezarriz, hauek ezartzen dituen aginduan egindako akatsak azken orduan zuzenduz eta zerbitzu minimoen aplikazioan interpretazio zorrotzegiak erabiliaz”.

Hala ere, greba egiteko aukera izan duten langileen artean, %70etik gorako jarraipena izan du. Honen adibide da “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean izandako giza katean ehundaka langile elkartu izana.

Sindikatek adierazi dute kolektibo hau da zalantzarik gabe feminizatuena den Hezkuntza saileko esparrua dela. “Lan baldintza prekarioenak ere baditu eta pribatizazio prozesu handiena bizi du”, gehitu dute. 2009 urtetik hitzarmena, eta ondorioz lan baldintzak, eguneratu gabe dituzte langileek.

Azkenengo negoziazio mahaia urtarrilaren 27an izan zen, sailak deituta. Halaber, nabarmendu dute, ez zela fundamentuzko edukirik mahaigaineratu eta greba deialdia bertan behera uzteko aurreakordio proposamena egin nahi izan zutela. Edukirik gabeko bilerak deitzeari uzteko eta aldarrikapen hauei erantzungo dion proposamena jorratzeko eskatu diote gaurkoan langileek Hezkuntza Sailari.

Gaurko egunari jarraipena emateko, bihar ere greba eguna da hezkuntza publikoko sukaldeetan eta garbiketan. Kontzentrazioak burutuko dituzte EAEko hiru hiriburruetako Hezkuntza ordezkaritzetan, goizeko 11.30ean.