Etxebizitzaren gatazkan modu zuzenean antolatzen hasi da LAB sindikatua

uriola.eus 2025ko urt. 30a, 16:02

Lantokietan egiten duen bezala, hemendik aurrera, etxebizitzaren eremua ere ekintza sindikalaren bidez patronalari aurre egingo dio.

Etxebizitza larrialdia euskal langileek pobretzeko lehen mailako arazo bezala ezaugarritu du sindikatuak eta, uste dute ez badirela antolatzen egoerak okerrera egingo duela. Hori dela eta, etxebizitza patronalari kontrabotere sindikalismoaren bidez aurre egiteko deia luzatu du, eta hemendik aurrera, beraz, sindikatuko afiliatuek etxebizitzarekin dituzten arazoak borrokatzeko aukera izango dutela esan du LABek.

Gaur goizean, hilak 30, LABek egindako agerraldian publiko egin du etxebizitzaren gatazkan modu zuzenean arituko dela. Gaur egun gizartea etxebizitza larrialdian bizi dela salatu du Garbine Aranburu koordinatzaile orokorrak salatu du: “merkatuaren esku utzita, etxebizitza eskuratzeko ezintasuna biderkatu egin da, prezioak etengabe igo dira eta gero eta langile sektore gehiago pobretzeko arrazoi bilakatu da”. Horrekin lotuta, adierazi du lortutako soldata igoerak etxebizitza gastu geroz eta handiagoek apaltzen dutela eta horregatik beharrezkoa ikusi dute etxebizitzaren eremura ere sindikalismoa eramatea. “Kapitalari lantokietan bezala, bizi baldintzak hobetzeko borroka fronte guztietan egin behar da”, gaineratu du.

Antolatzeko ereduari begirako zehaztasunak orain arteko lanean buru-belarri aritu da Zuriñe Gonzalez. . “Asanblada kolektiboak antolatu eta afiliatuen aktibazioa eta protagonismoa bilatzen dugu”, azaldu du Gonzalezek. Modu berean, dagoeneko hainbat gatazka antolatu eta irabazi dituztela adierazi du. Horren adibide Nafarroan etxetik bota eta kale gorrian geratzekotan ziren LABeko bi kide. “Bi kasuetan, etxegabetzeak gelditzea eta akordio berriak egitea lortu dugu”, gehitu du.

Amaitzeko, ‘Langileen alde, etxebizitzaren negozioa eten!’ kanpainari segida emango diotela adierazi dute eta hainbat neurri eta aldarrikapen bildu dituzte honen baitan. Helburu nagusia etxebizitzaren desmerkantilizazioa izan behar dela aldarrikatu du LABek, eskubide gisa errealki gauzatzeko. Horrekin batera, prezioen kontrolaz gain, hauen berehalako jaitsiera eragingo duten neurriak eskatu dituzte, baita pisu turistikoen debekua ere: “etxebizitzak bizitzeko izan behar dira lehentasunez”, nabarmendu du Gonzalezek.