Lehen Mailako Arretaren murrizketak eta azpifinantziazioa, langile falta, lan kargak eta lan prekarietatea eta medikurik gabeko osasun zentroak, besteak beste, osasun publikoaren desmantelamendu eta pribatizazio estrategia baten parte direla salatu dute, eta horrek zerbitzuaren kalitatea hondatzen du.
Hori dela eta, osasun eskubidea aldarrikatzeko atera ziren kalera osasun publikoaren aldeko herri plataformak hilaren 1ean. Amaieran irakurri zuten manifestuan Alberto Martinez Osasun sailburuari eskatu diote datu errealak eta, batez ere, gardentasun ariketa bat egiteko, itxaron zerrenden kontrol publikoa ahalbidetzeko, izan ere, adierazi zuten gaur egun kudeatzaileen nahierara manipulatuta daudela.
Pribatizazioarekin amaitzea eta dagoeneko pribatizatutako zerbitzuak berreskuratzea exijitu zuten, gehiago inbertitzea eta hobeto inbertitzea, Lehen Mailako Arreta lehenetsiz. Eredu aldaketa bat eskatzen duten, prebentziora eta osasun sustapenera bideratua. Lehen Mailako Arreta sendoa, gertukoa, aurrez aurreko kontsultekin, gomendatutako kupoekin eta arreta kalitatea bermatzeko nahikoa denbora duten kontsultekin exijitzen dugu; eta itxaron zerrendak murriztea; baina esparru publikoan, euro bakar bat ez bideratzea aparteko ordutegietara, ez osasun pribatuaren negoziora, eta plantilla nahikoa, egonkorra eta ez prekarizatua bermatzea.
Herritar guztiei herri eta auzoetan antolatzeko deia egin diete mobilizatzen jarraitzeko osasun sistemaren murrizketak eta pribatizazioa eta horien ondorioak gelditzeko, eta osasun publikoa defendatzeko.