Silver Film Festivalaren 3.edizioa ospatuko dute Bilbon

uriola.eus 2025ko ots. 3a, 13:28

Silver Film Festival 2025eko kartela

Belaunaldien arteko harremanari eskainitako hirugarren edizioa egingo da Bilbon, martxoaren 24tik 28ra. Bizitzaren bigarren erdiarekin zerikusia duten gaiak jorratzen dituen zinema eta pentsamendu jaialdia da.

Aurten festibalaren inaugurazio-gala Arriaga Antzokian izango da. Proiekzioen eta jardueren egoitzak berriz, Guggenheim Museoa eta Golem Alhondiga zinemak izango dira.

Tu & Yo Produccionesek, EDE Fundazioak eta Silver Revolution Elkarte Kulturalak antolatutako jaialdiak Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, BBK Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Zineuskadiren babesa du.

Zinemaldiak zinema eta kultura gizartea eraldatzeko tresna gisa aldarrikatu ditu. Narratiba nagusiek jendartea kategorizatu eta zatitzen duten garai honetan, zinemak loturak sortzeko eta gizaki gisa aberasteko duen ahalmena nabarmendu du. Belaunaldien arteko harremanaren aldeko apustua eginez, adinak benetan garrantzirik ez duen gizarte bat irudikatzera gonbidatzen du. 

S/FF25en irudia Carles Murillo diseinatzaile katalanak sortu du, Alex Ferreiro ilustratzailearekin lankidetzan. Ikuspegi partekatua eraikitzen duen ilustrazio bat oinarri hartuta zinemara, elkarrizketara, lankidetzara eta belaunaldien arteko harremanera darama.