EUSPOT lehiaketaren 14.edizioan parte hartzeko epea zabalik dago

uriola.eus 2025ko ots. 6a, 10:01

Maiatzaren 26ra arte izena eman ahal izango da eta aurkeztutako lanen artean 3.000 euro baino gehiago banatuko dira. Irabazleak 1.000 euroko saria irabaziko du.

EUSPOT (Euskarazko Spot Lehiaketa) erreferente bilakatu da Euskal Herrian. Euskarazko sormena sustatzeko helburuarekin abiatu zen 2012an eta sortu zenetik hamaika babesle eta kolaboratzaile izan ditu. Aurten, iaz bezala, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango du. Lehiaketa honetako 14. edizioaren originalak jasotzeko epea zabalik dago eta maiatzaren 26a izango da lanak aurkezteko azken eguna.

Guztira sei sari banatuko dira, parte-hartzaileen sormena eta talentua aintzat hartuta. Spot onenak 1.000 euro irabaziko ditu. Publikoaren saria ere emango da, 500 euroko konpentsazioarekin. Gainera, 18 urtetik beherakoek ere aukera izango dute lehiaketan parte hartzeko, onenak 500 euroko saria izanik. Horrez gain, musika sinkronizazio onenaren saria ere egongo da, 300 euro banatuko zaizkio irabazleari. Azkenik, sari gehigarriak ere izango dira. Mondragon Unibertsitateko ikasleen spot onenak 500 euroko eta Arizmendiko ikasleen artean 250 euroko konpentsazioarekin.

Harrobia landu, talentua erakarri eta publizitatea euskaraz sortu. Era berean, aurtengo helburu nagusia gazteak euskarazko publizitatera gerturatzea izango da, euskara hizkuntza bera Euskal Herrian sortzen den publizitatearen oinarri izan dadin. “Zer da laguna izatea?” sugerentziaz beteriko galderari erantzun beharko diete aurtengo proposamenek, gazteen artean harreman osasuntsuak eta errespetuzkoak sustatzea helburu izanda.