"Gazte feministok, Bilbo feminista eraiki!"

Bilboko Gazte Sare Feminista 2025ko ots. 6a, 11:03

Bilboko Gazte Sare Feminista atzo aurkeztu genuen. Sare hau Bilboko gazte talde feministok osatzen dugu. Egia esan, sarea duela urte batzuk martxan jarri genuen, baina hainbat arrazoirengatik bere jarduna motelduz joan da, eta une batez eten ere egin genuen. Hala ere, iaz martxoaren 8ko ekimen bat antolatzeko berriz elkartu ginen, eta hortik tiraka, era naturalean berriz biltzen hasi ginen, gure arteko saretzea berreskuratzea beharrezkoa ikusi genuelako.

Pauso hau ematea garrantzitsua izan da, ulertzen genuelako saretze honek auzoetako talde feministak indartuko zituela eta, aldi berean, Bilboko problematikari modu bateratuan erantzuteko tresna baliagarria izango zela. Horregatik, azken urte honetan, sarearen izaera zehazten aritu gara eta helburu amankomunak ezarri ditugu.

Argi daukagu Bilbo hiri globalizatua dela, eta sistema zisheteropatriarkalaren mesedetan funtzionatzen duela. Horren aurrean, beharrezkotzat jotzen dugu erantzun feminista kolektibo bat ematea. Hortik gure lelo orokorra: "Gazte feministok, Bilbo feminista eraiki!"

Aurtengo helburua saretze hau indartzea da, eta kurtsoan geratzen diren azken hilabete hauetan kanpora begirako ekintza desberdinak plazaratuko ditugu. Hala ere, gure helburu nagusiak epe ertainera eta luzera begira daude, eta badakigu Bilbo feminista bat eraikitzea lan handia dela. Bide horretan jarraitzeko prest gaude, indarrez eta energiaz beteta gatozelako.

Bide batez, Bilboko gazte feminista orori dei egiten diegu feminismoan antola daitezen eta gurekin batera bidea egin dezaten!