Emakume langileek lehen lerroan egon behar dutela aldarrikatu du Itaiak, izan ere, nabarmen ari dira zabaltzen emakumeen aurkako jarrerak instituzioetan, sare sozialetan zein kalean, hala nola, matxismoaren existentzia ukatzen duten ideiak. Horregatik, pasa den astean, otsailaren 5ean, egindako agerraldian dei egin zuten martxoaren 8an Bilboko kaleak betetzera matxismoaren aurka borrokatzeko.
“Krisialdi ekonomikoaren baitan langileon, eta, konkretuki, emakume langileon lan eta bizi baldintzak nabarmen okertzen ari dira”, salatu dute, hau da, emakumeen aurkako ofentsiba ekonomiko eta kulturala areagotzen ari dela. Horrek guztiak, emakumea bigarren mailako subjektu izatea gehiago normalizatu duela adierazi du.
Beraz, Itaia Antolakunde Sozialista, “Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara!” lemapean, martxoaren 8an mobilizatuko da Bilbon.
Jarrera hartzeko momentua
Itaiatik, aurtengo martxoaren 8an borrokarako deia egin nahi dute, eta horrekin batera, eguna beraren jatorrizko izaera iraultzailea berreskuratu. Horretarako, hilabete honetan zehar erasotzaileen inpunitatearen aurka, lan sektore feminizatuetako lan baldintza eta eskubideen alde, zein emakumeak sexu objektu bihurtzen dituen inposaturiko sexualitatearen aurka lan egingo dute.
Egoera larri honen aurrean posizionatzeko momentua dela uste du Itaiak eta “emakume langileon zapalkuntza betikotzen jarraitu edo matxismoaren aurka borrokatzeko” hautua egiteko dei egin du. Hortik tiraka, urtarrilaren 24an Atxurin desagertutako adingabeko neskak jasandako eraso matxista dela eta, Bilboko Itaiak elkarretaratzea deitu du gaur, hilak 10, 17:00etan, Enkarnazio Plazan (Atxurin). “Guztion ardura da erasoen aurka erantzun aktiboa edukitzea, auzoan honelako beste erasorik gerta ez dadin”, gaineratu du.