Elkarrek ilustrazio eta ipuin lehiaketaren 17. edizioa abian jarri du

uriola.eus 2025ko ots. 10a, 13:51

Elkarren ilustrazio eta ipuin lehiaketaren 17. edizioa | ELKAR

Lehiaketak euskarazko irakurzaletasuna sustatzea eta haur eta gazteen sormena piztea du xede epemuga martxoaren 21a izanik.

Elkar Fundazioaren Ipuin eta Ilustrazio Lehiaketak aurrera jarraitzen du, aurten 17. edizioa ospatuz. Lehiaketa honen helburu nagusiak mantentzen dira: euskarazko irakurzaletasuna bultzatzea eta haur eta gazteen sormena piztea. Urtez urte, parte-hartzaileek euren irudimena eta talentua partekatzen dute, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izango.

Edizio honetan, Alaine Agirrek idatzitako Zer jango du oiloak ipuina izango dute haurrek irakurgai eta irudikagai. Aldi berean, Belatz ilustratzailearen lana izango dute oinarri, haien istorio propioak sortzeko. Gazteentzat, berriz, bi erronka aurkezten dira komiki atalaren barruan: Belatzek hasitako komikiari jarraipena ematea edo berak proposatutako gaiari (botilan bidalitako mezu bat) hasiera berria ematea.

Lehiaketa 4 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta, adinaren arabera, hiru kategoria ezberdin sortu dituzte. Gazteenek, HH 4tik LH 4ra, ilustrazio bat sortu beharko dute; LH 5etik DBH 2ra bitartekoek, ilustrazio bat ipuin bihurtu beharko dute; eta DBH 3 eta 4ko ikasleek, azkenik, komikia edo bineta sortu beharko dute.

Sarien aldetik, Ilustrazioa egiten dutenen artean, maila bakoitzeko (HH4 eta HH5, LH1 eta LH2 eta LH3 eta LH4) lehenengo saria 70 eurotan baloratutako jolas hezitzaile sorta ederra eta opari txartela izango da. Bigarren saria berriz, 60 eurotan baloratutako jolas hezitzaile sorta ederra eta opari txartela.

Ipuina egiten dutenen artean, maila bakoitzeko (LH5 eta LH6 eta DBH 1 eta DBH 2) eta komikia egiten dutenen artean, lehenengo saria 100 eurotan baloratutako tablet bat, jolas hezitzaile sorta ederra eta opari txarleta izango da saria. Bigarrena berriz, tablet bat, jolas hezitzaile sorta ederra eta opari txartela (80 euro) izango da.

Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sariez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango dira aurten ere. Laboral Kutxak bi ikasgelarentzako saria emango du, eta Irrien Lagunen Klubak parte-hartzea sarituko du, aldizkariko harpidetzarekin eta opari sorpresa batekin.

Lan guztiak aurkezteko epea martxoaren 21ean amaituko da. Horrela, haur eta gazteei parte hartzeko aukera zabaltzen zaie, eta irakurketarekin eta sormenarekin harremanetan jar daitezke.