Eusko Jaurlaritza posturaz aldatu eta 2026ko abenduaren 31a arteko iraupena duen Haurreskolak Partzuergo Publikoko Lan hitzarmena sinatu du LAB sinsikatuak. Beste hitzarmen bat sinatu arte jarraituko du indarrean.
Hitzarmena osotasunean berritu dute, besteak beste: “urteko lanaldian 100 orduko jaitsiera jasotzen da, lan zama arintzeko hainbat neurrirekin batera, eta ikasturtean 6 jai egun gehiago izango ditugu 2025-2026 ikasturtetik aurrera”. Erosahalmena berreskuratzeri dagokionez, kudeaketa alorreko langileen soldatak administrazio orokorrekoekin parekatuko direla adierazi dute, eta lan osasunean hobekuntzak, berdintasun protokoloak eta formakuntzan hobekuntzak jaso dira.
“Hezitzaileen lanpostuen zerrenda 64 lanpostutan handituko da, behin behineko kontratu kopuru hori estrukturala bilakatzea lortu dugulako”, gaineratu dute, honen ondorioz beste horrenbeste lortuko dituztela nabarmenduz.
Bestalde, argi utzi dute, garaipen honek lan baldintzei eragiteaz aparte, haurrei ematen dieten hezkuntza zerbitzuan ere eragina izango duela, 0-3ko dekretuak zehazten dituen ratio murritzak alboratu dituztelako. “Askoz hobeak diren eta gaur egun Partzuergoan aplikatzen direnak jasotzea lortu dugu, hilabete honetan bertan negoziatuko diren plantillak esleitzeko irizpideak zehaztu bitartean”, gehitu du sindikatuak.
Haurreskolak Partzuergo publikoa ardatz, 0-3aren udal eskaintza bateratua lortu arte lanean jarraituko dutela adierazi du LABek: “Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna lortu genuen bezala, unibertsaltasuna lortuko dugu, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa iruten”.