Tarajaleko gertakariak ez ahazteko bildu ziren larunbatean Arriaga Antzokiko plazan

uriola.eus 2025ko ots. 11a, 13:08

Egilea: Ecuador Etxea

11 urte pasatu dira 2014ko otsailaren 6an Tarajalen geratutako trajediatik. 14 pertsona migratzaile hil zituen Estatuko segurtasun indarrek Ceutako Tarajal hondartzan.

Yves, Samba, Daouda, Armand, Luc, Roger Chimie, Larios, Youssouf, Ousmane, Keita, Jeannot, Oumarou, Blaise eta ezezaguna den beste kide bat, dira 2024ko otsailaren 6an Ceutako Tarajal hondartzan hil ziren migratzaileen izenak. Estatuko segurtasun indarrek hil zituzten gomazko balak eta gas negar-eragilea jaurtiz, kostaldera iritsi ez zitezen. 23 pertsona hondartzatik bertatik itzuli zituzten Marokora, inolako prozedura formalik jaso gabe. Urte hauetan, eta salaketaz salaketa, ez da justiziarik egin, ez da erantzukizunik argitu, eta ez zaie erreparaziorik eman ez biktimei, ez haien familiei ere.

Hori dela eta, larunbatean, hilak 8, Duintasunaren aldeko XII. martxa egin zuten Bilbon, gertatutakoa ez ahazteko. Behar beste urtez borrokan jarraituko dutela ozen aldarrikatu dute bizitza guztiak errespetatuak eta duinak izan daitezen: “Mugetako biktima guztien alde biltzen eta ahotsa altxatzen jarraituko dugu”.

 

11 urteko zigorgabetasuna

11 urte eta gero, prozedura judizialak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean babesaren zain jarraitzen du. 11 urtetan zehar gertatutakoaren laburpen txikia:

- 2014ko otsailaren 6a: 14 pertsona hiltzen ditu Guardia Zibilak gehiegizko indarra eta material antibioloa erabili ondoren. Gainera, 23 Marokora itzultzen dituzte legez kanpo. Urtebete geroago, 2015eko otsailean, hasten dira erantzukizun penalak eta politikoak argitzeko eginbide judizialak. Instrukzioko epaileak Guardia Zibileko 16 agente deklaratzera deitzen ditu.

- 2015eko abuztua: Indarrean sartzen da Herritarren Segurtasunerako Lege berria, mugan bertan egindako kanporaketei lege-estaldura eman nahi diena. Urrian, Tarajal kasua artxibatzen da lehen aldiz, delitu zantzurik ez zegoela eta Marokora mugan bertan egindako kanporaketak egitea ohikoa dela iritzita. CEAR, Coordinadora de Barrios eta Observaori DESC elkarteek helegitea aurkezten dute eta ikerketa sakona eskatzen dute.

- 2017ko urtarrila: Cádizeko Probintzia Auzitegiak apelazio-errekurtsoak onartzen ditu, eta Tarajal kasua ikertzeko agintzen du.

- 2018ko urtarrila:  Berriro artxibatzen da Tarajal kasua, bizirik atera diren bi pertsonari deklarazioa hartu gabe, autopsiak itxaron gabe eta lau biktimaren gorpuak identifikatu gabe. CEARek eta Coordinadora de Barrios elkarteek errekurtsoa aurkezten dute Cadizeko Probintzia Auzitegian. Hilabete beranduago, Hervék, bizirik atera zenetako batek, bere isiltasuna haustea erabakitzen du. CEARek artxiboaren aurkako helegitea aurkezten du berriro. Abuztuan, Cadizeko Probintzia Auzitegiak berriro irekitzen du kasua, lekukoei entzun ez zaiela uste baitu.

- 2019ko iraila: Ceutako instrukzioko epaitegiak Guardia Zibileko 16 agente auzipetzen ditu, argudiatuz migratzaileei lagundu ahal izan zietela eta abstenitu egin zirela justifikaziorik gabe. Hilabete geroago, Epaitegi berak hirugarren aldiz artxibatzen du auzia, akusazio partikularraren falta argudiatuz.

- 2020ko uztaila: Cadizeko Probintzia Auzitegiak apelazio-errekurtsoak atzera botatzen ditu. Erakundeek deitoratu egiten dute erabakia, eta uste dute froga guztiak ez direla behar bezala baloratu. Hilabete beranduago, akusazioan dauden erakunde guztiak batu egiten dira, eta kasazio-errekurtsoa aurkezten diote Auzitegi Gorenari, urte guztien zigorgabetasunari behin betiko amaiera eman ahal izateko.

- 2022ko maiatza:  Auzitegi Gorenak ez du onartzen kasazio-errekurtsoa. Uztailean, CEAR, Coordinadora de Barrios eta Asociación pro Derechos Humanos de España elkarteek babes-errekurtsoa aurkezten du El Tarajal hondartzan gertatutako heriotzak ez ikertzeagatik.

- 2023ko ekaina: Konstituzio Auzitegian babes-errekurtsoa izapidetzea onartzen da. Migratzaileek mugetan bizitzeko duten eskubidea bermatzeko aukera zabaltzea ospatzen dute erakundeek.

- 2024ko urtarrila: Ludovicek, El Tarajaleko beste pertsona batek, Espainiaren aurkako kexa aurkeztzen du NBEko Torturaren aurkako Batzordean, ECCHRren laguntzarekin.

- 2025eko otsaila: Tarajaletik bizirik atera zen batek Espainia salatzen du NBEko Torturaren aurkako Batzordean, ECCHRren eta Iridiaren laguntzarekin. Brice O.k istiluen aurkako materiala jaurtitzeak eragindako kolpea jaso zuen goiz hartan, begi baten ikusmena galtzea eragin ziona.

 

Beraz, gaur egun, Akusazioak espero du Konstituzio Auzitegiak aitortuko duela biktimen eta haien familien oinarrizko eskubideak urratu direla, eta justizia egingo dela.