LABen iritziz etxeko langileentzako hitzarmena premiazkoa da

uriola.eus 2025ko ots. 11a, 15:14

Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean egindako LABen mobilizazioa

LAB sindikatuak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako etxeko enpleguarekin lotutako kolektibo eta erakundeekin batera, berriro ere kaleak hartu ditu sektore honetako lan-baldintza jasanezinak salatzeko eta langileen eskubideak aitortu beharko lituzketen erakundeen interes falta salatzeko.

Atzo, otsailak 10, Bilbon mobilizazioa egin zuten, Justizia Jauregiaren aurrean. Gaur asteartea, Donostian mobilizatuko dira, Lan Ikuskaritzaren aurrean, eta asteazkenean Iruñean beste horrenbeste egingo dute, Udaletxe plazan.

Urtebete baino gehiago daramate etxeko eta zaintzako langileentzako hitzarmen bat negoziatzeko eskubidea aitortuko duen epai baten zain. Publikoki salatu dutenez, epaitegiek ez dute inolako interesik negoziazio kolektiborako eskubidearen aldeko apelazio-helegiteari erantzuteko.

Etxeko eta zaintzako langileak nekatuta daude eskubideak aitortzen azkenak izateaz eta nazkatuta zaintza lehentasuna dela dioten agintariek beti itxaronarazteaz. Gainera, agindutakoa ematen dietenean, gehienetan zehaztasunik gabeko adierazpenetan edo bete gabeko promesetan geratzen da. Edonola ere, negoziazio kolektiborako eskubidea aitortu aurretik.

"Kaleak gureak ere badira. Etxe barruan ikusezin bihurtu nahi gaituzte, baina gure ahotsak elkarturik topatuko dituzte, gure eskubideen eta lan-baldintza seguru eta duinen aldeko eskaerei lotutako leku bakoitzaren aurrean”, adierazi du LAB sindikatuak.

Erantzun azkar eta eraginkorra eskatzen dute. Ez dute lan-zuzenbidean apurrak jasotzen jarraitu nahi, iruzur hutsa baitira, benetako eskubideak irabazten ari direla sinetsarazteko helburuarekin.

Argi utzi dute aukera bakarra antolatzea eta etxeko enpleguan ari diren pertsona migratu eta arrazializatuen gorputz eta bizitzekin egiten dituzten bidegabekeriei aurre egitea dela.

"Nahikoa da horrenbesteko zigorgabetasunaz eta emakumeen*eskubideen berdintasunaren alde lan egiten dutela esateaz!", gaineratu dute, “sistema honen arduradunentzat esplotazio- eta negozio-modu nagusienetako bat gara”.

LABek berretsi du etxeko langileen borrokari babesa emateko konpromisoa, eta ez du atsedenik hartuko sektoreko langileen bizitzak eta enpleguak duintasuna eta segurtasuna izan arte.