Hitzaurrea soinu-esperientzia digitalerako atzerako kontaketa hasi da

uriola.eus 2025ko ots. 11a, 16:19

Mundu digitala eta analogikoa uztartzen dituen proposamen berritzailea martxoaren 10ean argitaratuko dute, Loraldiak aurten prestatu duen kultur programazioari hasiera emateko.

Lan berezi honetan, mundu digitala eta mundu analogikoa elkarri lotuta daude, parte-hartzaile bakoitzak esperientzia paregabea bizi dezan. Bertan murgiltzeko, mugikorrarekin webgune batera konektatu, entzungailuak jarri eta kalera irten beharko da.

Esperientzia jolas gisa diseinatuta dago, eta parte-hartzaileek beren bidea zehaztuko duten erabakiak hartu beharko dituzte. Edonoiz eta edonon gozatzeko pentsatuta dagoenez, Euskal Herriko edozein herritan bizi ahal izango da.

Martxoaren 10ean, Loraldiaren inaugurazioan, Hitzaurrea esperimentatzeko aukera egongo da, 19:30ean Bilboko Alondegiko Ataritik hasiko den ibilbidearekin. Lehenengo saiora joateko ezinbestekoa izango da gonbidapena izatea. Une horretatik aurrera, edonork parte hartu ahal izango du, nahi duen lekutik eta nahi duenean.

Orainari adi

Etorkizunaren ikuspegi bat baino gehiago, orainari buruzko hausnarketa bat da Hitzaurrea, iragana oinarri hartuta. “Izan ginen hark bihurtu gaituelako garen hau eta, beraz, garen honek baldintzatuko duelako izango garen hori”. Funtsean, etortizunaren hitzaurrea da.

Piszifactoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak gidatutako sorkuntza honetan, Audiogelako Ibon Agirre arduratu da soinu-diseinuaz, eta Talaios Kooperatibak garatu du teknologia. Gaurtik aurrera, hitzaurrea.eus webgunean ikusgai dago esperientziari hasiera emateko falta diren orduen atzerako kontaketa.