Azkuna Zentroa eta Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroa Gutun Zuria Bilbaoren edizio berrirako prestatzen ari da. Letren Nazioarteko Jaialdia, oraingo honetan otsailaren 25tik martxoaren 1era izango da.
Laugarren edizio honetan ohorezko makila Itxaro Bordak eta Leila Guerrierok jasoko dute jaialdiaren inaugurazioan, otsailaren 25ean. Itxaro Bordari bere ibilbide oparoa eta euskal literaturari egindako ekarpena aitortu nahi zaio; eta, era berean, Leila Guerriero idazle argentinarrak ere saria irabazi du Latinoamerikako kazetaritza narratiboaren idazlerik handienetako bat baita.
Gutun Zuria Bilbaok BBKren babesa du, EITBren laguntza eta Renfe eta Cafés Baquéren babesa; eta Radio 3, El Correo, Cadena Ser eta Deia ditu media partner gisa.
Literatura-sorkuntzaren inguruko esparru honetan, BBK-k eta Alhóndiga Bilbaok BBK Gutun Zuria Bilbao Saria emango dute euskal literaturaren eta nazioarteko literaturaren funtsezko eragileen sorkuntza-lana aintzatesteko, haien ibilbideagatik, lan jakin batengatik edo kultura-proiektu garrantzitsu bat egiteagatik.
Literatura, oraina eta etorkizuna lotuz
Jaialdi hau gutun zuri bat da, edizio bakoitzean berriz idazten dena. Hitzaren inguruko topagunea eratzen du urtero, fikzioaren, poesiaren, saiakeraren eta nobelaren bidez, eta literatura garaikideko erreferenteek eta egungo narratibako ahots berriek parte hartzen dute.
Aurten, jaialdiak aurre egin nahi dio gizartean sumatzen den goibelaldiari, eta baikortasunera gerturatu nahi du, literatura, arte eta pentsamendu-arloko sorkuntzaren bidez.
Euskal literaturaren ardatza
Jaialdiak solasaldiari ekingo dio Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko hogei egilerekin baino gehiagorekin, hala nola Joseba Sarrionandia, Maddi Barber, Miren Amuriza, Lizar Begoña, Oihane Amantegi Uriarte eta Miren Billelabeitia. Horien ugaritasunak gaur egungo sorkuntzaren paisaia erakutsiko du.
Joseba Sarrionandiak Euskaraz tropikoetan izenburupean solasaldia eskainiko du Oihane Amantegi Uriarterekin. Bertan euskaraz idaztea zer den azalduko dute, eta horretaz gain, literaturaren inguruko beren ikuspegia ezagutzeko aukera egongo da, baita egun literaturak duen lekuaren inguruan hausnartzeko ere.
Ohorezko makila jasoko duen Itxaro Borda ere, Aurélia Lassaque okzitanierazko idazlearekin batera, testuinguru globalean hizkuntza gutxituetan idazteak dakarren erronkaz arituko da. Miren Amuriza eta Lizar Begoña ere izango dira solasean jaialdian. Euskal literatura berriaren bi idazle hauek hizkuntzaren erabilera bereziei, harreman afektiboen joskera berriei eta mundu prekarizatu baten hondakinei buruz hitz egingo dute.