“Musika eta emozioak” lelopean, ospatuko dute MUSIKA-MÚSICA jaialdiaren 24. edizioa

uriola.eus 2025ko ots. 13a, 13:08

Bilbo musika klasikoaren europar epizentroa bihurtuko da martxoaren 7tik 9ra. Guztira, 70 kontzertuko programa bat eskainiko da 1.500 interprete baino gehiagoren parte-hartzearekin.

MUSIKA-MÚSICA jaialdiaren 24. edizioa ospatuko dute martxoaren 7tik 9ra Musika eta emozioak” lelopean. Bilboko Udalak antolatuta jaialdiak 70 kontzertuko programa eskainiko du 1.500 interprete baino gehiagoren parte-hartzearekin, eta Euskalduna Jauregira askotariko entzuleak erakartzeko diseinatuta.

Bilbo musika klasikoaren europar epizentroa bihurtuko da jaialdian zehar. Beethoven, Vivaldi, Chopin, Dvorak, Strauss, Ravel, Bach, Telemann edo Haendel konpositoreen obrek, besteak beste, emozioak ekarriko dituzte gogora musikaren bidez. Horrela, hainbat sentimendu eragingo dituzte, hala nola poza, beldurra, nostalgia edo itxaropena.

Orkestra Sinfonikoak (BOS) eta Bilboko Koral Elkarteak emango diote hasiera jaialdiari martxoaren 7an, 19:00etan, Arriaga Antzokian. Erik Nielsenen zuzendaritzapean, orkestrak Wagnerren “Holandar alderraia”ren obertura, Txaikovskiren “Zisneen aintzira”ren suitea eta, Koralarekin batera, Borodinen “Dantza polovanoak” intrepretatuko ditu.

Gainerako programazio osoa  Euskalduna Jauregian izango da, eta emanaldi bakoitzak 45 minutu inguru iraungo du. Gainera, kontzertu bat baino gehiago egongo dira aldi berean hainbat aretotan.

Sarreren salmenta gaur, hilak 13, hasiko da. Euskalduna Jauregiko leihatilan eta webguneanmusika-musica.bilbao.eus webgunean eta Arriaga Antzokiko leihatilan (inaugurazio-kontzerturako soilik) bakarrik egongo da eskuragarri. Arriaga Antzokiko eta Euskalduna Jauregiko Auditoriumeko sarrerek  15 euro balioko dute, 0B aretokoak 12 euro, 0D, 0A, eta 0C aretoetakoak 9 euro, eta Kioskokoak 4 euro.

 

Berrikuntzetarako espazioa

MUSIKA-MÚSICA 2025eko programak berrikuntza batzuk dakartza. Lehen aldiz, dantzak leku bat edukiko du jaialdian. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta KUKAI dantza taldeak Ludwig van Beethovenen "Prometeoren izakiak" aurkeztuko dute, musika eta mugimendua uztartuko dituen ikuskizun batean.

Horretaz aparte, Monica Rodríguez Curielen eskutik, "Emozioak ehundu" aurkeztuko da. Jarduera parte-hartzaile horrek publikoa gonbidatuko du tapiz kolektibo bat sortzen laguntzera, norbanako bakoitzari bere emozioak ehungintzaren artearen bidez adierazteko aukera emanez.