Gernika-Palestina Herri Ekimenak arretaz jarraitzen du gatazkaren bilakaera, su-etenaren etorkizuna arriskuan jar dezaketen gertakarien aurrean. Nazioarteko bitartekaritzarekin lortutako akordioari mehatxuak egiten dizkioten ekintzek kezka sortu dute, eta horren aurrean erantzun bateratua prestatzeko urratsak ematen ari dira.
Otsailaren 14tik aurrera, aldebiko erronda abiatu dute ekimenarekin elkarlanean diharduten eragile sozial, politiko eta sindikalekin. Egoerari erantzun bateratua emateko eta gizartearen aktibazioa sustatzeko bilkurak egingo dituzte. Deportazio masiboen mehatxuek, Gazako palestinarren lekualdaketa oztopoek, laguntza humanitarioaren iritsiera mugatzeak eta Zisjordaniako erasoek gatazkaren sakoneko arazoa agerian utzi dute, elkarrizketa eta negoziazio prozesuak mantentzea beharrezkoa dela berretsiz.
Gernika-Palestina ekimenak lanean jarraituko du gizarte zibila eta eragile politikoak aktibatzeko, Palestinarekiko elkartasuna adierazteko eta genozidioa gaitzesteko. Krisi humanitarioaren aurrean, Palestinarekiko elkartasun ekonomikoa sustatzeko beharra azpimarratzen dute, Gazako UAWCk (Union of Agricultural Work Committees) eta UPWCk (Union of Palestinian Women's Committees) eskatzen duten bezala. Nazioarteko komunitateari presioa egiten jarraituko diote, konponbide iraunkorrak bilatzeko eta dagoeneko hartutako ebazpenak betetzeko.
Mobilizazioak bultzatzeko deia
Gernika-Palestinak herritarrak animatzen ditu Israelen genozidioaren aurkako eta Palestinarekiko elkartasunaren aldeko mobilizazioetan parte hartzera, justizia eta bakea lortzeko urrats eraginkorrak ematen jarraitzeko.