“Liluratuta gaude Bilboko Aratusteekin eta, noski, ohorea da bertako pertsonaia nagusiak izatea”. Esaldi honekin hartu du hitza Oihana Bartrak, aurtengo Bilboko Aratusteetako Zaranbolasek. Argi adierazi du udaberria datorrela ospatzeko beste modurik ez dagoela, eta Josu Camararekin batera, aurtengo Bilboko Aratusteetako Farolin, Bilbori itxura polita emango diote. “Bilboko koloretsu eta alaia bihurtuko dugu zeinetan bilbotar guztiak gure itsasontzira sartzera gonbidatu nahi ditudan”, gehitu du Farolinek.
Aurtengo Bilboko Arastusteetako egitaraua aurkeztu dute prentsaurrean Farolin eta Zaranbolasek gaur goizean, hilak 19. Aratusteetako pertsonaiekin batera Itziar Urtasun Jaietako zinegotzi eta Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia, Bilboko Konpartsetako ordezkariak eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea egon dira.
Aurtengo Farolin eta Zaranbolas Josu Camara aktore eta zuzendaria eta Oihana Bartra bertsolaria izango dira. Bilboko Aratusteetako pertsonaia hauek, hiriko hainbat bazter eta txokotara entretenimendua eta dibertsioa eramateko ardura izango dute.
Bilbotarren gozamenerako jai erraldoia
Adin guztietako bilbotarrek eta bisitariek ondo pasatzeko moduko 50 jarduera inguru antolatu dituzte otsailaren 27tik martxoaren 4ra. Dibertsioz eta kolorez beteko dituzte Bilboko hainbat espazio, hala nola, Kale Nagusia, Plaza Biribila, Zazpi Kaleak, Arriagako plaza eta Plaza Barria.
Erraldoiak, buruhandiak eta gargantua, haurrentzako tailerrak Plaza Barrian, Bilboko Udal Bandaren eta Bilboko Txistularien Bandaren emanaldiak, kontzertuak, musika, fanfarriak, erromeriak eta mozorroak ere izango dira.
Aurtengo gaia Bilbo da: “hain zuzen ere, ezin ditugu ahaztu bilbotarrak, Bilboko bazter eta pertsonaia historikoak, Industrializazio garaia, gure itsasadarra, gure mendiak eta tradizioak…” nabarmendu du Oihana Bartrak, eta tradizioak agindu bezala Bilboko Aratusteetako pertsonaia guztiak esnatuko dituztela adierazi du.
Otsailaren 27an hasiko dira, baina egun batzuk lehenago, hilaren 22an, Kopla Txikien Lehiaketa egongo da Kafe Antzokian. Bertan Bilboko konpartsek hartuko dute parte eta ondoren Bad Sound taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango dute.
Otsailaren 27an, arratsaldeko 20:30ean Maskara Zaharren kalejira egongo da batukadarekin Arriaga Plazatik hasita Plaza Berrira arte. Berta, iazko Farolin eta Zaranbolasek erreleboa emango diete Oihana Bartra eta Josu Camarari aurtengoei maskara trukearen bidez. Ondoren Zazpi Kaleetan barrena elektrotxaranga egongo da.
Ekitaldi aipagarria izango da ikastetxeen desfilea eta ondorengo txokolate-jana eta haurrentzako ikuskizuna, barikuan, hilaren 28an; baita egun bereko arratsaldean aratusteetako une garrantzitsuenetako bat iritsiko da: bikotearen atxiloketa, epaiketa eta eskarnio publikoa. Ekitaldia 18:15ean hasiko da, Arriaga plazan, atxiloketa egiten denean; ondoren, Plaza Barrira joango dira eta han, 19:00etan hasita, epaiketa eta eskarnio publikoa egingo diete. Ondoren, Kopla Txikien Lehiaketako irabazlearen emanaldia egongo da.
Inauterietako egun nagusia, martxoaren lehena, larunbata da. Arratsaldean kalejira eta mozorroa lehiaketa egongo da, eta ondoren Akerbeltz erromeriaz gozatzeko aukera. Hurrengo egunean, Torrada eta indabada Lehiaketa egongo da. Eta Aratusteei amaiera emango dien ekitaldia: sardinaren hileta, Plaza Barriaren eta Arriaga plazaren artean egingo dena martxoaren 4an.
Zaranbolas, kalean abestuz eta biziz gozatuz
Zaranbolas bilbotar petoa da, ardurarik eta ezustekorik gabe bizi dena. Ondo bizitzea atsegin duena, “Carpe Diem” (Gozatu ahal duzun bitartean) da bere bizimodua ondoen adierazten duen goiburua. Oihana Bartra profil horrekin identifikatzen da.
1984ean Santutxu auzoan jaiotako bilbotarra da, ofizioz irakaslea. Bertsolaria izanik, plazaz plaza aritu da, 15 urterekin Santutxuko, bere auzoko, bertso eskolan hasi zenetik. Euskara eta euskal kulturaren defendatzaile sutsua da, Bilbon eta Euskal Herrian hizkuntza eta tradizioak sustatzen dituzten ekimenetan parte hartu du. Bere bizitza hitzaren eta melodiaren artean edo kalean eta abestiaren artean igarotzen da, beti prest topaketa bakoitza inprobisatutako jai baten bihurtzeko.
Farolin, antzerkia harago eramanez: euskararen, kulturaren eta gizarte berdinzaleago baten alde
Farolin esparru publiko edo profesionalean izena lortu duen bilbotarra da, bere jardun profesional edo publikoagatik harrotzen dena, eta gainera beti haizez beterik dabilena mundu guztiari esaten bera “Botxokoa” dela. “Semper Plus Ultra” (Beti harago) izan liteke bere lelo nagusia. Josu Camarak interpretatuko du pertsonaia.
Nahiz eta bere ibilbide profesionala irakaskuntzaren inguruan hasi zen arren, norabide aldaketa bat izan zuen antzerki munduan sartzeko aukera agertu zitzaionean. Gehiegi pentsatu gabe, Kukubiltxo Antzerki Taldearekin bat egin zuen, han ikasi eta urteetan lan eginez. Ordutik, ia 45 urte eman ditu antzerkian, lanbide hau euskararen, kulturaren eta gizarte berdinzaleago baten eraikuntzaren zerbitzura dagoela babestuz.