Maite zaitut! kantuak 20 urte betetzen dituen honetan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei Maite zaitut erraldoia esateko unea iritsi da. “Euskal Herri mailako omenaldia egingo diegu”, adierazi du Nerea Godoy Maite Zaitut elkarteko kideak. Maiatzaren 3an festa erraldoia ospatuko dute Bizkaia Arena-BEC!en 14.000 pertsonentzat antolatutako ikuskizunean.
Gaur egindako agerraldian, Nerea Godoy Maite Zaitut elkarteko kidea, Agurtzane Intxaurraga omenaldiko zuzendaria, Ane Labaka gidoigilea egon dira, eta festa erraldoiaren xehetasunak eman dituzte. Adierazi dute “eskuz esku eta bihotzez bihotz” ari direla lanean tokia ederra bihurtzeko: “Gure bihotz osoa jartzen ari gara, maitatu, bihotzaren egiten dugulako”. Horregatik, Euskal Herri osoari gonbidapena luzatu diote eurekin batera hemen bihotz zati hori jartzera.
“Buruan darabilgun ikuskizuna belarrietatik eta begietatik sartzeko asmoa dugu, bihotzeraino iristeko”, adierazi du omenaldiko zuzendariak. Diziplina anitzeko ikuskizuna izango da: aktoreak, abeslariak, bertsolariak, zirkua, dantza, ikus-entzunezkoak… eta euskal eszenako 20 izen handik baino gehiagok bat egingo dute BEC!-eko oholtza plaza erraldoi bilakatzeko: besteak beste, Itziar Ituño, Lur Errekondo, Sua Enparantza, Gure Zirkuko kideak, Eñaut Elorrieta, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Olatz Salvador, Kai Nakai, Aitor Gorosabel, Maialen Lujanbio, Go!azeneko lagunak, Tapia eta Leturia, Landarbaso abesbatza, Oinkari dantza taldea, Bonberenea Txaranga, Beñat Gaztelumendi, Yogurina, La Pulga, Jon Maia, Gozategi, Igor Elortza, Nerea Urbizu, Beatriz Egizabal, Ines Osinaga, Amets Aranguren, Intza Alkain, Anabel Arraiza, Bizipoza Elkartea nahiz inguruko erraldoiak ariko dira elkarrekin, BEC!
11 kanturekin jositako emanaldia
“Bidaia moduko bat proposatuko dugu, hamaika kantutan ardaztua”, nabarmendu du Ane Labakak. Pailazoen 37 urteko ibilbideko hamaika kantu aukeratu dituzte eta horiek izango dira emanaldiaren egitura. “Kostatu zitzaigun aukeraketa egitea, asko zeudelako hona ekartzeko modukoak zirenak, bereziak eta esanahi handikoak”, adierazi du Labakak.
Kanta askok gainera, azpigai bat izaten dute, baloreak lantzen dituztenak: euskara, heriotza, sexu aniztasuna… alde horretatik ere azpigai ezberdinak lantzen dituzten kantak aukeratu dituzte. Kantu bakoitza diziplina ezberdin batekin joango da lagunduta, eta horrela, jolas moduko bat sortuko dute.
Garai ezberdinetako kantuak hautatu dituzte, hastapenenetatik hasi eta gaur egunera zubi bat eraiki dute. Horrela, belaunaldi ezberdinek gozatzeko aukera izango dute. “Ez da nire asmoa umeei zuzendutako ikuskizuna egitea, baizik eta Euskal Herri osoari”, azpimarratu du Intxaurragak.
11 kantuak zuzenean joko dituzte, bai zuzeneko musika eta ahotsaren bidez, Xabi Zabalaren gidaritzapean. Emanaldia Irri egiten duenari abestiarekin hasiko da eta noski, Maite zaitut! kantuarekin bukatu. Tartean abesti mitikoak entzun eta gozatu ahalko dira: Epo itai tai ye, Bizipoza auzolan, Ane Pirata, Abuela Maria Luisa… Abesti hauek aurreratu dituzte gaur egindako prentsaurrekoan.
Agurtzane Intxaurragak aurreratu du eszenatokia ez dela ikusmira sorraraziko duen espazio bakarra izango: “Pista Euskal Herriko plaza bihurtuko da, gauza asko bertan gertatuko direlako”. Hori dela eta jendea animatu du pistako sarrerak hartzeko.
37 urte argazkietan
Pailazoek 37 urteko ibilbidea egin dute eta Godoyek deialdia berezi bat egin du: “Zenbat bihotzetan sartu diren erakutsi nahi diegu, BEC!-en argazki horiek guztiak plazaratuz maiatzaren 3an”. Beraz, Euskal Herriko haur, gazte eta heldu oro pailazoekin ateratako edozein garaitako argazkiak bidaltzera animatu ditu nstagrameko kontura (@nikeremaitezaitut) edo webgunean jarriko duten lotura batera.
Hitzordua plaza horretan bertatik bertara jarraitzeko harmailetako sarreren erdiak salduta baldin badaude ere, omenaldiarekin bat egin nahi dutenek eskuragarri dituzte sarrerak, 15 euroan, nikeremaitezaitut.eus atarian.