EITBn oinarrizko hizkuntza eskubideak bermatzearen aldeko elkarretaratzea deitu dute otsailaren 25ean

uriola.eus 2025ko ots. 21a, 13:59

ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta Aldatu Gidoia ekimenak deialdia egin dute EITBko zuzendaritzan euskararen eskakizunak betetzeko “zuzendaritzatik hasita”.

EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek, Aldatu Gidoia euskararen alde! ekimenak eta manifestuaren sinatzaileek elkarretaratzea deitu dute otsailaren 25ean, Bilbon, EITBren egoitza nagusiaren aurrean. “EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita” lelopean, 16:00etatik 16:30etara elkartuko dira, EITBko zuzendaritza-postuak hautatzeko prozesuetan euskararen ezagutzaren eskakizunak betetzeko eskatzeko.

Elkarretaratzearen helburua EITBko zuzendaritza-postuak betetzeko prozesuetan euskararen ezagutzaren eskakizunak betetzeko exijitzea da. Azken urteetan, EITBko Zuzendaritzak euskarazko C1 maila eskatzen zuen zuzendari berriak hautatzeko deialdietan. Hala ere, sindikatuek adierazi dute 2024an hiru ardura-postu esleitu zaizkiela euskara eskakizuna betetzen ez duten hiru pertsonari, eta atera berri diren deialdietan jada ez dela C1 maila eskatzen.

 

Euskara plana eta EITBren erantzukizuna

“Egoera honek 2013tik EITBn indarrean dagoen euskara plana zapuzten du, zeinak euskararen erabilera sustatzea eta gizartearen aurrean proaktiboki jokatzea zituen helburu”, zehaztu dute. EITBk, komunikabide publikoa izanik, euskara sustatzeko betekizuna eta erantzukizuna dauka sorreratik. Hala ere, azken erabaki hauek “euskara eta euskaldunak gutxietsi eta baztertu” egiten dituen irudia zabaltzen dute gizartearen aurrean.

Manifestuaren sinatzaileek gutxieneko aldarrikapen gisa zuzendari eta arduradun guztiek euskara menperatzea eskatzen dute. Gainera, azpimarratzen dute ezin dela profesionaltasunez jardun EITBn euskara menperatu gabe, euskal kulturaren eta sorkuntzaren ezagutzarako traba handia baita.

Deialdiak hainbat eragile eta norbanakoren babesa jaso du dagoeneko. Hauek dira, deitzaileez gain, elkarretaratzea babestu duten eragileak:

Steilas Sindikatua, Euskal Herrian Euskaraz, Gazte Euskaltzaleon Sarea, EITBko Erredakzio Kontseilua, eitb.eus-eko Erredakzio Kontseilua, EITBko Euskara Batzordea, AEK, Eskola Publikoaz Harro Topagunea, Sortzen Euskal Eskola Publikoaren Aldeko plataforma, Pantailak Euskaraz, Ahotsenea sortzaileen gunea, Hau Pittu Hau, Administrazioan Euskaraz taldea, Arnas Dezagun, Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko mugimendua, Jardun euskara taldea, Zaparraie euskara taldea eta Irunabar bertsoaren bilgunea.