2023ko azaroaren 30ean, Euskal Herrian lehen aldiz Zaintza Eskubide Kolektiboaren aldeko Greba Feminista Orokorra burutu zen. Ekimen horrek zaintza krisiari aurre egiteko eta zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko borroka ziklo bat abiarazi zuen. Gaur egun, borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintzaren antolamendu soziala eraldatzeko lanari eutsi nahi zaio, euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioaren bidean aurrera egiteko.
Martxoaren 6an, Greba Feminista Orokorrean egin zen bezala, Bilboko eta Iruñeako kaleak betetzera deitu dute LAB, STEILAS, ESK, EHNE, Etxalde eta HIRU sindikatuek eta Denon Bizitzak Erdigunean plataformak. Bilbon, 11:00etan Eusko Jaurlaritzatik abiatuko da martxa. Iruñean, berriz, 11:00etan CEN-etik abiatuko da. Ekitaldi horietan, patronala eta instituzioak interpelatuko dira, zaintzaren eremuan pribatizazioak eta negozio eredua sustatzeko egindako hautuengatik.
Instituzioen jarrera salatu nahi dute, zaintzaren arloan pribatizazioa bultzatzeagatik eta egoera prekario eta kolapsatuen aurrean neurririk hartu ez izateagatik. “Administrazioa da pribatizazioak iraun dezan bermeak jartzen dituena, enpresa pribatuak zaintza langileen pribatizazioaren erantzule diren bezala”, gehitu dute.
Zaintza duina eta sistema publikoaren alde
Mobilizazioek zaintza duina lortzeko, negozioa amaitzeko eta pribatizatutako zaintza langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokari eusten diote. Aldarrikapen horiek eremu sindikalean negoziazio kolektibora eramateko konpromisoa hartu da, baina, aldi berean, kaleetan eta agenda politikoan mantentzeko hautua ere egin da.
Bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko, zaintza publikoaren aldeko borrokan jarraituko dute.