Martxoaren 13an ikasleok grebara!

Bi arazo handik zeharkatzen dute hezkuntza sistema kapitalista: batetik, gizarte osoan zehar hedatzen ari diren ideia erreakzionarioak hezkuntzara ere iritsi dira. Bestetik, ikasle langileon egoera urtez urte okerrera doa. Horren aurrean ikasleok ezin dugu beste alde batera begiratu. Horregatik, martxoaren 13an ikasle greba egiteko hautua egin dugu, urgentziazkoa delako hezkuntzan gorada erreakzionarioari aurre egitea, hezkuntza eredu klasista eta segregatzaileari aurre egitearekin batera. Zentzu horretan, martxoaren 13an, manifestazioa deitu dugu 12:00etan, Eliptika Plazatik abiatuta.

Ideia zein jarrera erreakzionarioak, matxistak nahiz arrazistak nagusiki, normalizatzen ari dira kalean, sare sozialetan edota instituzioetan, eta hezkuntza ez dago tendentzia sozial horretatik salbu. Sare sozialetako pertsonaiek nahiz eskuin muturreko alderdi politikoek bultzatuta, azken hilabeteetan argi ikusi dugu matxismoaren eta arrazakeriaren presentzia nabarmen igo dela, baita hezkuntzan ere. Botikazarreko eta Urretxindorrako matxismo kasuak batetik eta Begoñazpi Ikastolaren parean agertu diren pintada faxista eta homofoboak bestetik. Ezin dugu ideia hauek guztiak normalizatzen utzi eta ikasleok gorakada erreakzionarioaren aurkako agente aktiboa izan behar gara, hezkuntzan matxismoak edota arrazakeriak ez baitauka tokirik.

Beste alde batetik, ikasle langileok hezkuntzan dugun egoera urtez urte okerrera doa. Inbertsio publiko faltan, ratioekin, azpiegiturekin edota bestelako zerbitzuekin gero eta arazo gehiago ditugu, eta egoera horretatik kaltetuenak ikasle txiroenak dira beti, familia dirudunetako ikasleek baldintza hobeetan ikasten duten bitartean. Hezkuntzaren izaera klasista eta segregatzailaren eta honen desegitearen ondorio argia da Txurdinaga Behekoaren itxiera.

Gainera, diziplinamenduan eta ikasleon kontrolean oinarritzen diren neurriek gero eta pisu handiagoa dute derrigorrezko bigarren hezkuntzan eta batxilergoan: ikasleak zigor eta debekuen bidez otzanduz, eskubide politikoak ukatuz edota plataforma digitalen bidez uneoro ikasleak kontrolatuz. Hori gutxi balitz, hezkuntza eredu honek ikasleok presio eta lan karga handietara kondenatzen gaitu.

Lanbide Heziketan (LH) , azkenik, arazoak ere handitzen ari dira: LHko lege berriaren bitartez praktika sistema berritu dute, praktikak ikasturte guztietan egitera derrigortuz, askotan ordaindu gabekoak. Bestalde, praktiketako lan baldintzak kaskarrak dira kasu gehienetan. Lanbide Heziketen lege berriak enpresak eta enpresarien interesak lehenesten baititu, ikasleoi kalte egiten digun bitartean.

Aski da! Ezin dugu egoera hau normalizatzen utzi! Eta normalizatzen ez uzteko aukera nagusia ikasleok horren aurka borroka egitea da. Horregatik, greba egin eta mobilizatzea beharrezkoa dela uste dugu, batetik, ikasleria aktibatu eta ikasleon artean matxismoaren eta arrazakeriaren aurkako kontzientzia hedatzeko. Bestetik, ikasle langileon interesen aldeko borrokak pizteko ikastetxe eta kanpusetan

Horrekin batera, hezkuntza sistema sozialistaren beharra aldarrikatuko dugu greba honetan. Izan ere, langileon kontrolpeko hezkuntza sistema sozialistarik gabe, hezkuntza sistema ez da inoiz ikasleon formazio eta garapen askerako espazio izango, enpresari eta politikarien interesen menpeko espazio gero eta baztertzaile nahiz autoritarioagoa baizik.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko ikasle guztiei martxoaren 13ko ikasle grebara batzeko eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu!

GORAKADA ERREAKZIONARIOAREN AURKA ETA IKASLE LANGILEON INTERESEN ALDE MARTXOAK 13 IKASLEOK GREBARA!