Bilbo "Zombi"s bete da Aratusteen bigarren egunean

uriola.eus 2025ko ots. 28a, 14:11

Bilboko Aratusteen hasiera ikaragarria izan ondoren, ikastetxeen txanda izan da ostiral goiza. Farolin eta Zaranbolasekin batera, zonbiz bete dira Bilboko kaleak.

Ikastetxeen Aratusteetako Desfilea ospatu dute 11 eskola zentroek gaur goizean, hilak 28. 1.900 ikaslek Bilboko kale nagusiak bete eta koloreztatu dituzte euren mozorro onenekin. Albiako Lorategietatik abiatu dira Kale Nagusitik eta Areatzatik jarraitu, eta  Plaza Barrira iritsi dira.

"Zombi" gaia hartuta, Farolin eta Zaranbolas buru izanik, ikasleak izan dira protagonista inauterie goiz honetan kale guztiak festaz eta alaitasunaz betez. Ibilbidearen bukaeran, Plaza Berrian, tradizionala den txokolatadaz gozatu dute, eta "Zombi Fest" ikuskizun musikala ikusteko aukera izan dute.

Aurten, Bilboko 11 ikastetxek parte hartu dute: Juan M. Sánchez Marcos, Tomas Camacho Eskola, Ángeles Custodios Ikastetxea, Esclavas Sc-Fátima, Artxandape Ikastola, Iparragirre Ikastola, Maristak Bilbao, Ave Maria, Mujika Eskola, Zazpilanda eta Cervantes Eskola.

Goiza bukatuta, arratsaldean txanda da: Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa, epaiketa eta eskarnio publikoa. 17:45etan Udaletxean hasiko da kalejira batekin, Arriagatik pasata, Plaza Barrira iritsi arte. Plaza Barriko karpan ere aretoko dantzak izango dira Bilbao Sozial Dantzaren eskutik, 20:45ean, eta 22:45ean Asier Bilbaoren "1000 KOLORE" ikuskizuna ere egongo da.

 

Aratuste zapatua, bihar

Martxoaren 1ean, larunbata, txikienek "InauteriFest" guneaz gozatzeko aukera izango dute, Plaza Barrian, 11:00etatik 14:30etara, tailerrak eta ikuskizunak egongo dira. Gargantuak ere Urkixo eta Mazarredo zumarkaleen artean egongo da 12:00etatik 14:30era.

12:00etatik aurrera Farolin eta Zaranbolasek jai-esparrua irekiko dute, plaza Biribilean. Hortik aurrera, hiriko hainbat txoko musikaz, dantzaz eta ikuskizunez beteko dira. Arratsaldean Mozorro Lehiaketa eta kalejira egongo dira, kolore, irudimen eta sormenezko ikuskizuna.

Eguna amaitzeko, topagune nagusia Plaza Barriko karpa izango da, "Aratusteen musikaz blai" jardunaldiarekin, 21:30etik aurrera. Bertan, MIKOSIS Aste Nagusia VillaSoundBilbao 2024 saria irabazi duen taldearen kontzertua izango da, eta, ondoren, 23:00etan, NONBAIT taldearen erromeria.