Bilbo Feminista Saretzen plataforma: “Feministoi ahotsa altxatzea dagokigu”

uriola.eus 2025ko mar. 4a, 16:03

Faxismoaren kontra, ausardia feminista! lelopean, mugimendu feministak Bilboko kaleak hartuko ditu larunbat honetan, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Bilboko Udalak, bere aldetik, “Guztion Ahotsa. Para nombrar, ser, estar” kanpaina abiarazi du.

“Trumpek LGTBIQ+ kolektiboaren aurka egin du, trans pertsonen existentzia ukatu du eta emakume transek emakumeen kirolean parte har ez dezaten dekretu bat onartu du”. Esaldi honekin, beste batzuen artean, hasi du Bilbo Feminista Saretzen plataformak gaur goizean, hilak 4, egindako prentsaurrekoa.

“Une politiko eta sozial zail batean gaude, modu zuzen eta mehatxari batean interpelatzen gaituena”, adierazi du plataformak. “Kapitalismo neoliberal basatien” eskutik datorren faxismoaren eta eskuin muturraren gorakadaren aurrean kalera irtengo direla ohartarazi du Marina Urkidik, Bilbo Feminista Saretzen plataformako kideak, ausardia feminista aldarrikatzeko. Erreakzio heteropatriarkal bortitz baten eskutik datorrela salatu du, eta “beldur handia” ematen duen arren mugimendu feministak argi adierazi du ez dituela geldiaraziko.

Beraz, Faxismoaren kontra, ausardia feminista! lelopean, martxoaren 8an Bilboko kaleak beteko dituzte. “Ausardia beldurra gainditzeko, isiltasuna hausteko eta gu atzera egitea nahi duten nostalgikoei aurre egiteko”, zehaztu du Urkidik. Dagokiena azaldu du: “Inposatu nahi diguten beldurraren aurrean, feministoi ahotsa altxatzea eta geure burua adieraziko dugu”.

Martxoaren 8an, arratsaldeko 18:00etan Jesusen Bihotza plazatik irtengo da mobilizazioa eta jendetsua izatea espero dute: “Beti da garrantzitsua, baina une honek inoiz baino gehiago eskatzen du”. Bilboko auzoetan zutabeak antolatu dituzte mobilizaziora gerturatzeko, hain zuzen ere, Errekaldetik, Santutxutik, Zurbaranbarritik eta Deustutik, beste auzo batzuetatik pasatuz, irtengo dira, eta “dena aldatuko duen indarra” erakutsiko dute. “Faxismoak jazartzen gaituenok, haren aurka lehen lerroan izango gara!”, oihukatu du Bilbo Feminista Saretzen plataformak.

 

Bilboko Udalaren “Guztion Ahotsa. Para nombrar, ser, estar” kanpaina

Bilboko Udalak martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, emakumeen parte hartzea eta eragina aldarrikatzeko kanpaina berezia abiarazi du: Guztion ahotsa. Para nombrar, ser, estar leloarekin, emakumeen esperientziak eta ekarpenak nabarmentzeko asmoz. 

Kanpaina honetan, hiri osoko emakume-elkarteetako kideak dira protagonista nagusiak, emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa sustatzeko udalaren konpromisoa erakutsiz. Emakumeen ahotsa eta presentzia aldarrikatzeaz gain, elkarteetako emakumeen lana eta gizartean duten eragina ikusarazi nahi da.

Erlazionatuak

Martxoak 8, auzoetako zutabeak

uriola.eus mar 04, 16:51 Bilbo